Nola erabili behar genuke Zaraitzu eta Erronkari biltzen dituen mankomunitatearen izena? Zaraitzu-Erronkarietako mankomunitatea ala Zaraitzu-Erronkari mankomunitatea?
Hauek dira molde egokiak: Zaraitzu-Erronkariko mankomunitatea eta Zaraitzu-Erronkari mankomunitatea (Baionako hiria nahiz Baiona hiria egoki diren bezala).
Badira tradizioan pluralean emaniko moldeak ere; esaterako, Bizkai-Gipuzkoetan, Azpeiti-Azkoitietako bertsolariak, Afrika-Asietako herriak, Araba-Gipuzkoetako eremuak… "Bizkai-Gipuzkoetan" (EBE). Horien antzera, zilegi da galderako adibideko Zaraitzu-Erronkarietako mankomunitatea moldea ere; baina adiera ezberdina dute horrelakoek.
Afrika-Asietako herriak koordinazio-elkarteak (kopulatiboak) dira, Afrikako herriak eta Asiako herriak, ez bietakoak diren herriak; gauza bera Araba-Gipuzkoetako eremuak egituran: Arabako eremuak eta Gipuzkoako eremuak dira, eta ez bienak diren eremuak edo bien artean dituzten eremuak.
Erakundeak (maiz bi edo gehiago batuz osatzen diren entitate banakoak diren neurrian) izen berezi gisa erabili beharko dira. Beraz,
Busturia-Mundaka-Bermeoko partzuergoa / *Busturia-Mundaka-Bermeoetako partzuergoa
Zaraitzu-Erronkariko mankomunitatea / Zaraitzu-Erronkari mankomunitatea /*Zaraitzu-Erronkarietako mankomunitatea
Baina bai Busturia-Mundaka-Bermeoetako itsasgizonak eta Zaraitzu-Erronkarietako biztanleak.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > bestelakoak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.