Zalantzarik ez dut forma hauen zuzentasunaz: ezkondu delako berria, hori gaizki dagoelako ustea oso zabaldua dago; baina ez dakit beste hauek zuzenak ote diren: zerbait larria gertatu den susmoa dut, ordainduko ez didaten beldur naiz, hemengoa den seinale…
Hor aipatzen diren adibide guztiak zuzenak dira, 116. arauak (“-(e)lako eta -(e)n atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan”) dioenaren arabera.
Molde horretakoetan desegokiak *-(e)laren, *-(e)ko edo *-(e)naren atzizkiak dira euskara batuan. Esate baterako: *Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar (egoki: gaizki doan berriak / gaizki doalako berriak).
Arauan ez ezik, Euskaltzaindiaren beste liburuki honetan ere egin liteke kontsulta zehatza: Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 145. or..
Horrez gain, ikus hauek ere: "Lexikoa: seinale (maite gaituzten/gaituztelako seinale/*maite gaituztelaren seinale) " (JAGONET), "Lexikoa: itxaropena, aitzakia (irabaziko zutelako itxaropena / zuten itxaropena / *zutenaren itxaropena)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kalko baztergarriak, lexikoa > orokorra, sintaxia > kalko baztergarriak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > izenak, hitzak > menderagailuak, joskera > kalko baztergarriak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.