Kasu-markarik hartzen al du <-(e)tik gora> esapideak? Zuzena al da, esaterako, esaldi hau: 1.000 ikasletik gorak parte hartu dute jardueran?
Ez, ez da zuzena. Esamolde horrek ezin du kasu-markarik hartu. Beraz, *1.000 ikasletik gorak parte hartu dute jardueran / *Milatik gorak egin du ondo azterketa esaldiak ez dira zuzenak. Beste hau ere ez, esate baterako: *Hamar lagunetik gorari eman diete saria. Izan ere, <XXtik gora(ko)> esamoldea oinarrian esapide adberbiala denez, forma hori besterik ez du hartzen. Hortaz: 1.000 ikasletik gora etorri dira.
Nolanahi ere, izena gora hitzaren ondoren ere jar daiteke: Milatik gora ikasle etorri dira. Milatik gora hautetsik parte hartuko dute biltzarrean. Hamarretik gora laguni eman diote saria. Bertan bi milatik gora grabazio antolatu dira.
Halakoetan, beste esapide-molde batzuk ere erabiltzen dira: Mila ikaslek baino gehiagok egin du(te) ondo azterketa. Mila ikaslek eta gehiagok egin du(te) ondo azterketa. Mila ikasle pasatxok egin du(te) ondo azterketa…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbakiak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > adberbioak, hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak, zenbakiak > zatikizkoak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.