Nola da:
Hiru MOTATAKO loreak daude /
Hiru MOTAKO loreak daude.
Zer MOTATAKO informazioa lortu duzu? /
Zer MOTAKO informazioa lortu duzu?
Lehen esaldi-bikotean, hiru motatako loreak da erabili beharreko moldea, eta ez *hiru motako loreak.
Euskaltzaindiaren 34. arauan jasota dago -ko hobesten dela NOLAKO galderari erantzuteko eta oinarrian zenbatzaileren bat ageri denean adierazteko: hiru hankako mahaia da hobetsitako moldea, beraz. Halakoetan –ko atzizkia –dun atzizkiaren parekoa da.
Hiru hankako mahaia = hiru hanka dituen mahaia (mahai bakar bat, hiru hanka dituena).
Hiru hankako mahaiak esanez gero, hau adierazten ari gara: mahai bat baino gehiago, bakoitzak hiru hanka dituena.
Galderan jasotako (*hiru motako loreak) moldean, ezin dugu hiru mota dituen lorea esan. Adierazi nahi badugu badirela loreak beren artean desberdinak direnak eta bakoitza mota batekoa dela, -tako erabili behar da, eta izena (lore) ezinbestez pluralean:
Hiru motatako loreak = loreak (bat baino gehiago) eta motak (bat baino gehiago): lore bakoitza mota batekoa.
Beste adibide bat aipatzearren:
Hiru koloreko bandera da Frantziakoa = hiru kolore dituen bandera (bandera bakar bat, hiru kolore dituena). Hiru koloreko banderak ere esan dezakegu: bandera bat baino gehiago, bakoitzak hiru kolore dituena.
Hondartzetan hiru koloretako banderak jartzen dira, berdea, gorria eta horia = banderak (bat baino gehiago), eta koloreak (bat baino gehiago: hiru zehazki): bandera bakoitza kolore batekoa.
Bigarren esaldi-bikotean, mota hitza mugagabea eskatzen duen galdetzaile batekin doa; beraz, ezinbestez motatako da erabili beharreko forma: zer motatako informazioa. Era berean, hainbat motatako informazioa da molde egokia.
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > izenak, zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.