Iruña ala Iruñea, bietarik zein erabili behar dugu?
Euskal izen jatorra Iruñea da, eta, tradizioa berretsiz, hala arautu du Euskaltzaindiak 155. arauan (Nafarroako Udal Izendegia) 2009. urtean. Jada 1979an argitaratutako Euskal Herriko Udalen Izendegian Iruñea izena baieztatua zuen Euskaltzaindiak. Eta berriro baietsi zuen Nafarroako Gobernuarekin batera 1990ean kaleratutako Nafarroako Herri Izendegian ere. Azkenik, hala berretsi du Onomastika batzordeak 2017an, Iruñeko Udalak eskatuta Patxi Salaberri euskaltzain osoak egindako txostenean.
Besterik da udalak edo foru-administrazioak zer erabaki duten.
Bestalde, gogoan hartzekoa da Iruñea izenaren amaierako -a hori ez dela berezkoa, artikulua baizik, eta, ondorioz, artikulu hori zenbait kasutan galtzen dela. Beraz, Iruñea izena erabiltzean, honako hau da bidea: Iruñea, Iruñeak, Iruñeari, Iruñearekin, Iruñearentzat, Iruñean..., baina Iruñeko, Iruñetik, Iruñera, Iruñeraino, Iruñerantz. Era berean galtzen da azken ‑a hori ondoan beste determinatzaile bat edo adjektibo bat daramanean. Adibidez: Iruñe maitea, Iruñe osoan, gure Iruñe hau... Ikus hemen: [EODA:Iruñea].
Horrez gain, ikus hau ere: "Onomastika: herri-izenetako a itsatsia" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: izen bereziak > leku-izenak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.