a) Memoria-kontu hutsa al da aditzoinen forma ikastea?
b) Nola idatzi behar dira -t letraz amaitzen diren aditzoinak: ert, ohart…?
a) Ez da memoria-kontu hutsa. Bada aditzoin-moten sailkapena 28. arauan, hartu diren erabakiak zergatik hartu diren azaltzen duena.
b) Nolanahi ere, zalantzarik izanez gero, aditz horien aditzoin-forma zein den jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratzea da errazena, han ageri baita aditz bakoitzaren sarreran, besteak beste, zein den aditzoinaren forma.
Sailkapenetara etorrita, -t letraz amaitzen direnak bi sailetan banatu daitezke:
- Aditzoin-forma bakarra dutenak: oroit, ezagut, lot eta hert (‘gutxitu, murriztu’, ≠ erdi).
- Aditzoin-forma bikoa dutenak: ausart/ausartu, ohart/ohartu, bat/batu, laket/laketu, lant/landu, hant/hantu (‘hanpatu’, ≠ handi), arrunt/arruntu, galant/galantu, hatsant/hatsantu.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: -arazi (sorrarazi/*sortarazi; agerrarazi /*agertarazi)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina (lot, ohart, ezagut)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditzoina
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.