Ariketak besterik ez dut egin ala Ariketak besterik ez ditut egin? Biak dira zuzenak? Lau gizon besterik ez ditut ikusi. Zuk esan zenituenak besterik ez nituen entzun.
Besterikek egin dezake komunztadura pluralean, ala singularra baino ez du onartzen?
Lau gizon ikusi ditut, besterik ez.
Zuk esan zenituenak entzun nituen, besterik ez.
Ez da araurik eman auzi horren gainean. Gramatika batzordeak Areatzako txostenean aurkeztutako arau-proposamenak dira honakoak.
Besterikek ezkerretara daraman osagaia absolutiboan bakarrik joan daiteke, <absolutiboa + besterik ez + aditza> egituran. Horrelakoetan, tradizioan, perpauseko aditzak besterikekin egiten du komunztadura, oro har: Eskolako liburuak besterik ez dut ekarri. Bada salbuespenik ere, ordea: izan aditzarekin doanean (eta gaur egun baita egon aditzarekin ere askotan) eta perpaus inpertsonaletan. Jo hona horretaz informatzeko: "besterik ez (baino ez, baizik ez), salbuespena adierazi nahi denean" (EBE).
Horrez gain, ikus hau ere: "Kuantifikazioa adieraztea: Komunztadura (besterik ez, baino ez, baizik ez) (dut/ditut)" (JAGONET)
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak > izenordainak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.