Euskaltzaindiaren arauetan ontzat ematen dira hirurak eta laurden eta hiru eta laurdenak, biak. Era berean, hirurak eta laurdenetan eta hiru eta laurdenetan ere. Gaizki esana al dago hirurak eta laurdenean, minutuekin egiten den bezala? Eta hamarrak laurden gutxian forma gaizki al dago?
35. arauaren arabera, minutu hitza ez bezala, laurden hitza mugagabean erabiltzen da normalean. Alegia, hirurak eta laurden esatea da usadio hedatuena, mugagabean. Beraz, mugagabeko beste sintagma guztiei bezala, -(e)tan hondarkia eransten zaio. Horrek ez du esan nahi —zenbait lekutan erabiltzen baita— gaizki dagoenik hirurak eta laurdenean, Euskaltzaindiak batasunerako mugagabeko formak bultzatzea erabaki duela baizik.
Gauza bertsua gertatzen da hamarrak laurden gutxian formarekin. Ezin daiteke esan gaizki dagoela, forma hori ere erabiltzen baita. Hala ere, batasunerako, hamarrak laurden gutxitan (mugagabeko forma) bultzatzea erabaki du Euskaltzaindiak kasu honetan ere, mugagabeko erabilera [hamarrak laurden gutxi d(ir)a] baita forma hedatuena.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > orduak
Unitate-mota: hitzak > izenak, zenbakiak > orduak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.