Zer alde dago samar eta nahiko hitzen artean (esanahian, erabileran...)?
Badago alderik. Batetik, kokaguneari dagokionez, samar beti doa adjektiboaren edo adberbioaren ondoren; nahiko(a), berriz, adjektiboen eta adberbioen aurretik joaten da.
Bestetik, nahiko(a) zenbatzailea (zenbatzaile zehaztugabea) ere izan daiteke; baina samar, ez. Alegia, izenei lagunduz ager daiteke lehena (nahiko azterketa juntatu zait zuzentzeko, nahiko(a) diru bildu dut); baina samar, ez Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 183. or..
Aditzekin biak erabil daitezke, baina zenbaitetan esanahia ez da guztiz bera: Nahikoa egin dut (‘ez dut gehiago egin behar’) / egin samartu dut (‘ia-ia bukatu dut’).
Adjektiboen eta adberbioen maila adieraztean, esanahiari (edo esanahi-bereizketari) dagokionez, Euskaltzaindiak ez du ezer esan.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > zenbatzaileak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > adberbioak, hitzak > determinatzaileak, joskera > hitz-ordena
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.