Erabil al daiteke -i ari izan esapidea da aditz gisa, hau da, aditzean datiboaren komunztadura egin gabe? Adibidez: Niri ari zara?
Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dago -i ari izan esapidea (‘nori mintzatu’ adierakoa) datiboaren komunztadurarik gabe ere: Guri ari da (Duvoisin), Hiri ari naun (Goikoetxea). Datiboaren komunztadura duten adibideak ere badira: Olerkaria haurrari ari zaio mundu zabalaren poza ikus dezan (Ibiñagabeitia) [OEH:ari izan].
Gaur egungo testuetan ere ikusten da komunztatu gabea. Lexikoaren Behatokiaren corpusetik bilduak dira hauek: Existitzen ez den norbaiti ari direla hitz egiten (Plazer bat izan duk, Benito!, Pako Aristi eta Mikel Markez, Elkar, 2012); Irakasleak arnasa hartu du, ez zen hormari ari… (Onintza Irureta, Argia, 2009); …ez da niri ari, txikitinori ari zaio (Miel Anjel Elustondo, Uztarria, 2017).
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.