Zelan esan behar da, nagiak atera nau ala nagiak atera ditut?
Nagiak atera ditut zuzena da; bestea, nagiak atera nau, ez da zuzena, non eta beste esanahi bat ez duen; alegia, [pertsona] nagiak atera nau [ni] zuzena da, baina alferrak atera nau esango bagenu bezala, eta ez gara horretaz ari, noski, baizik eta nagiak atera, tiragaleak atera esatean ulertu ohi dugunaz; hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian datorrenaz [EH:nagiak atera], [EH:tiragaleak atera].
Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakarren forma bakarra nagiak atera da, eta horixe da, zalantzarik gabe, egokiena. Badira, horrez gainera, inoiz edo behin erabiltzen diren formak ere. Esate baterako, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiko hauek: nagiak uxatu (Orixe), nagiak bota ditu/zituzten (Lizardi, Txomin Agirre), nagiak astindu zituenean (Etxaniz)...
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > esapideak, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > komunztadura, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.