Bakean utzi zer da: du ala dio aditza? Alegia, utz nazazu bakean ala utzidazu bakean?
Bestalde, berdin izan nola jokatzen da: berdin dit ala berdin zait?
[EH:bake] sarrerak ohar hau dakar: “Oharra: bakean utzi esapidea, Iparraldean, du aditza (Nor-Nork) da eta Hegoaldean du edo dio (Nor-(Nori)-Nork)”.
Batasunerako ez da ezer hobetsi; bi moldeak dira zuzenak eta egokiak. Badira aditz gehiago bi sailetakoak direnak: lagundu, deitu eta abar. Beraz, biak dira onargarri, bai utz nazazu bakean eta bai utz iezadazu bakean / utzidazu bakean. Ikus [EH:bakean utzi] azpisarrerako adibideak.
Bestalde, berdin izan, tradizioko datuak ikusirik, laguntzaile batekin baino gehiagorekin erabiltzea onartu da batasunean. Honela ageri da hiztegian [EH:berdin izan]: da/zait/du/dio ad.
Horrez gainera, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: berdin izan (jolastu/jolastea)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > esapideak, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak > adberbioak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.