Ezin izan dut inon argitu den bitartean formaren baliokide den deino forma horrela idatzi behar ote den ala, gaurko idazle batzuek egiten duten bezala, deno idatzi behar ote den. Berdin beste hauekin: gareno/gareino, duguno/duguino eta abar. Ba al da horren gainean zerbait erabakirik?
Menderagailu horretaz ez dago ezer erabakirik. Hala ere, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 112. or. liburukian esaten da batez ere Iparraldeko euskalkietan erabiltzen den forma hau -eno eta -eino aldaerekin ageri dela lehengo autoreetan. Gaur egun, ordea, -eno aldaera nagusitu dela eta hori dela erabiltzen den bakarra, Hegoaldean -eino forma darabilten autore bakan batzuk gorabehera.
Beraz, gaur egungo erabilerarako, -eno hobesten da.
Horrez gain, ikus hau ere: "Denbora adieraztea: -eno/*-eino atzizkia (etortzen ez direno/*direino)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > menderagailuak, perpausa > denbora
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.