Zer ezberdintasun dago hitz elkartu bidez osaturiko formaren eta <-ko/-(r)en + izena> egiturarekin eraturikoaren artean? Adibidez, hauen artean:
egile-eskubideak / egilearen eskubideak
jangela-araudia / jangelako araudia
Bi bikoteak ondo daude eta parekoak dira balio generikoan ari garenean. Ezberdintasuna, izatekotan, esapideari balio konkretua edo partikularra eman nahi diogunean gertatzen da.
a) Galderako elkarteak ―egile(-)eskubide, jangela(-)araudi― mendekotasunezko elkarteak dira; hau da, kasu-markaren bat kenduz sortzen diren bi izen elkarturen emaitza. Era horretako hitz elkartuetan (1) ―askotan, ‘jabegoa’, ‘jatorria’ eta antzeko erlazio semantikoa adierazten dute horiek―, izen elkartuaren parekoa izaten da <izenlagun [-ko/-(r)en] + izena> egitura:
egile(-)eskubideak ~ egilearen eskubideak
txalupa(-)patroia ~ txaluparen (-ko) patroia
eliza(-)agintariak ~ elizaren (-ko) agintariak
leku(-)izena ~ lekuaren izena
alkate(-)makila ~ alkatearen makila
euskara(-)irakasle ~ euskararen (-ko) irakasle
horma(-)erloju ~ hormako erloju (1)
…
Horrelakoetan, ezkerreko osagaiak ―lehen izenak― balio generikoa izaten du.
b) Lehen izenari balio konkretu edo partikularra eman nahi zaionean, ordea, parekotasuna desegin egiten da; izan ere, orduan, kasu-marka edo atzizkia (-ko/-(r)en) sartu beharra dago, eta ez dago hitz elkarturako modurik (2):
Iruñeko egilearen eskubideak / *Iruñeko egile-eskubideak
Liburua idatzi zuen egilearen eskubideak / *Liburua idatzi zuen egile-eskubideak
2021-22 ikasturtearen hasierako esleipena / *2021-22 ikasturte-hasierako esleipena
Etxeko horma-erlojua hondatu da (zein motatako erlojua) ≠ Etxeko hormako erlojua hondatu da (nongo erlojua)
c) Kontuan izan behar da, bestalde, adiera semantiko batzuetan ez dela posible parekotasunik; adibidez, hauetan:
su(-)egur ~ ???
nazionalismo(-)teoria ~ ???
turismo(-)biltzar ~ ???
jolas(-)egun ~ ???
hortz-hari ~ ???
…
Horien parekoa emateko, sarritan, parafrasi luzeetara edo egitura sintaktikoetara jo beharra dago (sutako egur, nazionalismoari buruzko teoria, turismoaren gaineko biltzarra…).
Oharrak:
1) Auzo-erdaretako ‘A de B’ (problema de familia / problème de famille, derecho(s) de autor / droit d'auteur… [de preposizioarekin eta artikulurik gabe, alegia]) moduko izen-konplementazio askoren ordaina izaten da euskaraz ‘B-A’ gisara eratzen dena: familia(-)arazo, egile(-)eskubide, jangela(-)araudi…
2) Erdaraz ere, ‘A de B’ izan beharrean ‘A de (+ artikulua) + B’ denean, esanahiak, askotan, generikoa izateari utzi egiten dio (ez beti), eta orduan hitz-elkartea jada ez da egokia izaten. Adibidez: Datos del contribuyente (generikoa): Zergadunaren datuak.
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > hitz elkartuak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.