Esaldi honek zalantza eragin digu: Haizeteen eraginez zuhaitz bat erori da eta parkeko jolas bat apurtu du.
Jolas hitza ondo erabilita al dago testuinguru horretan? Izan ere, materiala ez den zerbaiti erreferentzia egiteko erabiltzen da normalean jolas; baina parkeko elementuei jostailu deitzea ere ez zaigu egokia iruditzen.
Zein hitz da egokia arestiko esaldian erabiltzeko?
Jolas(-)tresna edo instalazio erabiltzea litzateke egokiena (edo jakinda zein den apurtutako tresna, hura zuzenean aipatzea: txirrista, zabua…).
Izan ere, [EH:jolas] hitzak ez du adiera fisikorik adierazten Euskaltzaindiaren Hiztegian, 'jarduera' da gehiago. Erreparatu bertako adibideei.
Bestalde, [EH:jostailu]ren definizioak ("Jostetan aritzeko gauza; bereziki, haurrak jostatzeko egiten den edo balio duen gauza") balioko balu ere, de facto oso markatua dago.
Nolanahi ere, esan bezala, hiztegiak berak erakusten du bidea: [EH:jolas parke]ren definizioan ‘instalazio’ hitza darabil, eta [EH:txirrista] definitzeko, jolas tresna.
Data: 2022-03-29
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, lexikoa > maileguak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.