Zer atzizki hartu behar du ihes egin aditzaren aurreko sintagmak? Euskalkiaren araberakoa ote da? Zuzenak al dira honako esaldi hauek? 1.Irakasleari ihes egin zion, 2. Nire ihesi dabil, 3. Jonengandik ihesi etorri da.
Galderako hiru esaldiak zuzenak dira; izan ere, [EH:ihes egin] aditzarekin datiboa erabil daiteke (-(r)i: irakasleari ihes egin zion), ablatiboa ere bai (-(e)tik: arriskutik ihes egin du / -rengandik: etsaiarengandik ihes egin du) eta genitiboa ere bai (-(r)en: etsaiaren ihesi dabil; Absalon-en ihesi basora zihoala; tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako).
Kontua da -(r)en kasu-marka erabiltzen denean [EH:ihesi] forma dela, hau da, adizlaguna, eta ez aditza (adberbioarekin ere erabil daitezke ablatiboko -tik/-rengandik gisakoak: handik ihesi etorri direnak).
Euskalkien arteko erabilerari dagokionez, erabilera orokorrekoak dira guztiak: euskalki eta garai guztietan erabili izan dira [OEH:ihes egin], [OEH:ihesi].
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.