Zuzena al da Halaber, aipatu du horiek direla bere asmoak esaldia? Izan ere, irakurri izan dut aipatu aditzak ez duela perpaus osagarririk onartzen.
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian [OEH:aipatu] eta gaurko prosan badira halako egituraren lekukotasunak, nahiz asko ez izan. Asko ez izateak esan nahi du izenekin erabiltzea askoz ohikoagoa dela, baina ez aditzekin erabil ez daitekeela.
Hona hemen zenbait adibide:
- Eta bizkitartean nehork ez zuen oraino Amerikarik bazela aipatzen, ez eta amesten ere (Hiriart Urruty).
- Denek aipatu dute zaila dela jendea animatzea sokatira egitera (Berria).
- Gurasoek etxean aipatu zuten Joxe Marik odola egiten omen zuela gernuan, astea igarota ere (Igerabide).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > aditzak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.