[…]
1. “Ezindu” hitzak izendatzen du pertsona ezgaitu oro, oso-osorik edo zati batean, bere kautan gai ez dena norbanako gisa edo gizartearen barnean, bizimodu arruntaren beharrizanak diruz estaltzeko, bere ahalmen fisiko edo adimenekoen urritasunagatik, horiek sortze-sortzetik izan ala ez.
2. Ezinduak adierazpen honetan dauden eskubide guztiak izango ditu. Ezindu orori aitortu behar zaizkio eskubide horiek, salbuespenik, bereizketarik eta diskriminaziorik egin gabe, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, jaiotza edo beste edozein egoera dela bide, hori guztiori ezinduari berari nahiz haren familiari dagokionez.
3. Ezinduak eskubidea du, erro-errotik, bere giza duintasuna errespetatua izan dadin. Ezinduak, edozein izanik ere bere arazoen eta urritasunen jatorria, izaera edo larritasuna, bere adineko herrikideen oinarrizko eskubide berberak ditu; horrek dakar, beraz, behar den begirunezko bizimodua izateko eskubidea, ahalik eta modurik arruntenean eta osoenean.