19. Gutxiengo-taldeetako pertsonen eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerek garrantzi handia dutenez gero, eta, pertsona horiek bizi diren estatuetako gizarte- eta politika-egonkortasunari begira, jarduerok lagungarri oso gertatzen direnez gero,
Giza Eskubideen Munduko Konferentziak baieztatzen du estatuen betebeharra dela, gutxiengo-taldeetako pertsonek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, bete-betean eta eragingarritasunez, diskriminaziorik gabe eta legearen arabera berdintasun-egoera osoan, egikaritzen dituztela jagotea, Nazio Batuek Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideei buruz emandako adierazpenarekin bat.
Gutxiengo-taldeetako pertsonek eskubidea dute euren kultura izateko, euren erlijioa eduki eta praktikatzeko, eta euren hizkuntza jendaurrean eta arlo pribatuan erabiltzeko, askatasun osoz eta inoren esku-sartze edo diskriminaziorik gabe.
20. Giza Eskubideen Munduko Konferentziak aitortzen du herri indigenei berez dagokien duintasuna, eta herri horiek garapenari eta gizartearen aniztasunari egindako ekarpen paregabea. Halaber, irmotasunez baieztatzen du nazioarteko erkidegoaren erabakia dela herri indigenen ekonomia-, gizarte- eta kultura-ongizatea bermatzea, eta herri horiei garapen jasangarriaren onurak helaraztea. Estatuek bermatu behar dute, herri indigenek gizartearen alde guztietan bete-betean eta askatasunez parte hartzea, bereziki, herrioi dagozkien arazoetan. Kontuan izanik herri indigenen eskubideak sustatzeko eta babesteko jarduerek garrantzi handia dutela, eta, herri horiek bizi diren estatuetako gizarte- eta politika-egonkortasunari begira, jarduerok lagungarri oso gertatu direla, estatuek nazioarteko zuzenbidearekin bat datozen urrats positibo eta itunduak egin behar dituzte, giza eskubide guztiei eta herri indigenen askatasunei zor zaien errespetua bermatzeko, berdintasuna eta diskriminaziorik eza oinarri harturik. Estatuek, orobat, aitortu behar dituzte herri indigenen nortasun desberdinak, kultura desberdinak eta gizartea antolatzeko sistema desberdinak, bai eta horien guztien balioa eta aniztasuna ere.