Kokapena:
2.8a Adjektiboa ere kategoria lexikoa dela esaten da. Eta honek ere bere sintagma islatzen du, adjektibo sintagma (AdjS), alegia. AdjSa izenaren ingurura biltzen da adjuntu gisa, ez osagarri gisa. Izenaren eskuinean kokatzen da: kantu [AdjS alai] bat; mila olerki [AdjS eder]; edozein zoko [AdjS ezkutu]; bost sagar [AdjS gazi] horiek…
2.8b AdjSaren kokagune hau dela eta, gramatikari batzuek iradokitzen dute AdjSa izenaren adjuntutzat hartu eta, horrenbestez, ISaren barneko osagai dela: [DS [IS zoko [AdjS ezkutu]] -a], alegia. Alderantziz, badira bestelako proposamenak ere: AdjSa goian eta honen barneko osagaia litzateke ISa. Hots: [DS [AdjS [IS zoko] ezkutu] -a]. Honen aldeko argudio bat izan liteke, hain zuzen, honako hau: euskaraz sintagmen burua eskuinaldean kokatzen dela onartzen da, eta adjektiboa izenaren eskuinean ageri denez, sintagma horren burua adjektiboa izan liteke, ezkerrean osagarria daramala. Alegia, [DS [kantu alai] horiek] nongoak dira? ikuspegi honetatik, DS horren egitura honako honen antzekoa litzateke: [DS [AdjS [IS kantu] alai] horiek], eta ez [DS [IS kantu [AdjS alai]] horiek].
2.8c DSaren barneko osagaia den AdjSaren pareko litzateke perpaus erlatiboa, eta baita erlaziozko postposizio sintagma ([… -ko]) ere: [DS [IS [KonpS zuk atzo aurkeztu zenidan] [PS Bilboko] mutil] [AdjS argal] hura]. Horra, ISaren barnean, izen beraren lagun gisa, erlatiboa eta PSa ezkerrean, eta AdjSa eskuinaldean.
2.8d Bestalde, DStik kanpo, AdjSa (edo ISa/DSa) bestelako osagai ere izan daiteke, predikatu gisa lan egiten duenean: Oso hunkigarria izan da dena. AdjStzat hartu ohi dugu oso hunkigarria, determinatzailea gorabehera. Horrenbestez, hau dugu AdjSaren beste kokagune bat. Gainera, adberbioak bezalaxe, adjektiboak kuantifikatzaile batekin joan daitezke: [AdjS {oso/hain/izugarri…} hunkigarria]. Perpaus konparatiboak ere ager daitezke AdjSaren hedapen gisa: [AdjS ikustea bezain garrantzitsua] da entzutea. Hemen ere maila kuantifikatzailea dugu: [[QS hain [AdjS hunkigarri]] -a] bezala [[QS [KonpS atzokoa (izan zen)] bezain] [AdjS hunkigarri] -a]. Alegia, hain hunkigarria eta atzokoa bezain hunkigarria taxu bereko sintagmak dira, AdjS kuantifikatu bat edo, agian, barnean AdjS bat gordetzen duen kuantifikazio sintagma (QS deitu duguna oraingoz, deitura hoberik ezean).