Kokapena:
3.2a Kategoria lexiko jakin bateko oinarriari hizki bat, beregaina ez den morfema bat erantsirik beste kategoria lexiko bat sortzeari deitzen diogu eratorpena. Hizkiak posizioaren arabera bereizten ditugu: aurrizkiak, oinarriaren aurrean, ezkerrean txertatzen direnak; atzizkiak, oinarriari eskuinean gehitzen dizkiogunak. Artizkiak edo infijoak ere aipatu dituzte euskal gramatikariek, bereziki -ra- aditz arazle zaharretan ikus dezakeguna: eragin, eraman, erakarri, irakatsi eta abar. Baina aspaldi utzi zion emankor izateari; artizki hori daramaten aditzei ere ez diegu gaur balio arazlerik ikusten, oro har: irakatsi ez da ikasarazi, eraman ez da emanarazi… (§ 23.2.1.2). Horregatik bi azpiatal nagusi egingo ditugu eratorpena aztertzean, aurrizkiei dagokiena eta atzizkiei dagokiena. Azken hauek aztertuko ditugu lehenik, ugarienak baitira eta baita emankorrenak ere.
3.2b Orain arte esandakotik erraz atera daiteke ondorioa zein informazio mota eman behar den atzizkiak aztertzean. Lehenik, atzizkiaren beraren oinarrizko forma zein den erabaki beharko dugu; izan ere, behin baino gehiagotan gertatuko zaigu atzizki batek forma bat baino gehiago erakustea, adibidez, bertsolari, aurrelari, pilotari, kazetari edo ardandegi, liburutegi.
Alomorfo deitzen zaie aldaera horiei, eta, esan bezala, atzizkiaren oinarrizko forma zein den eta gainerako aldaerak zein ingurunetan ageri diren zehazten saiatu beharko dugu. Ondoren, atzizki bakoitzak zein motatako kategoria lexikoa sortzen duen zehaztu beharko da. Irizpide hau kontuan hartuz, izenak, adjektiboak eta aditzak sortzen dituzten atzizkiak bereiziko ditugu, batik bat. Atzizki adberbio sortzaileak ere aipatu ditugu, baina gutxi dira eta badituzte ezaugarri bereziak. Hirugarrenik, esanahi lexikoa duten heinean, zein motatako izenak, adjektiboak edo aditzak sortzen dituzten. Laugarren, zein kategoria lexikori eransten zaizkion; hau da, oinarriaren kategoria lexikoa zein den. Eta, azkenik, beste eratorpen morfema baten ondoren edo aurretik ager daitezkeen ala ez. Informazio hori guztia izango dugu kontuan forma bereko bi atzizkiren aurrean gauden ala ez erabakitzeko: -arik, esaterako, itxuraz forma bakarra izan arren, batzuetan izen bizidunak, lanbidea adierazten dutenak sortzen ditu (pilotari, dendari), eta beste batzuetan izen bizigabeak (janari, edari). Beraz, -ari1 eta -ari2 ditugula ondorioztatu beharko dugu.
3.2c Gramatika gehienetan egiten den modura, sortu den hitzaren kategoria lexikoa hartuko dugu irizpide nagusitzat atzizkien sailkapena egitean. Eta kategoria bakoitzaren barruan, azpisailak egingo ditugu, gure artean Azkuek (1923-1925) egin bezala, zein motatako izena, adjektiboa… sortzen den bereiziaz. Atzizkirik emankorrenak, hitz berriak sortzeko oraindik ere baliatzen ditugunak baino ez ditugu aztertuko; gainerakoez, euskal lexikoaren ondarean antzeman ditzakegunez, baina hitz berririk sortzeko balio ez digutenez, aipamen orokor bat baino ez dugu egingo.