4.2.1a Jarduera jakin bat duten gizakien izenak sortzen dituzte, oro har, -ari, -gin, -gile, -le eta -tzaile atzizkiek. Beste hitzetan esanda, duten jardueraren edo lanbidearen arabera izendatzen dituzte pertsonak, dendari, pilotari, harakin, etxegile, langile, idazle, saltzaile eta abarrek. Hala ere, begi bistakoa da erraz erabil ditzakegula predikatu osagarri modura: Nire ahizpa bertsolaria da; Gure gurasoak harakinak dira; Horko gazte hori idazlea da… Areago, literaturan erraz aurki ditzakegu -ari, -le edo -tzaile atzizkien bidez sorturiko hitzak izen baten ondoren, hau da, adjektibo posizioan: esku trabailari, hitz jokolari, tximeleta hegalari, zezen ibiltari, hegazti harrapatzaile, mutil emaile… Izen horiek, gainera, zenbaitetan bizigabeak dira; baina eskuen edo hitzen jarduera gaitasuna, zerbait egiteko gaitasuna nabarmentzen da -ari atzizkia duen bigarren osagai bat ondoan emanaz. Eta bada adibideren bat adjektiboek bezalako jokabidea duena, kuantifikazioa onartzen duena: Oso langilea da; Ez nuen uste hain langilea zenik; Mikel Arantxa baino askoz langileagoa da.
4.2.1b Zalantza sor dakiguke, beraz, zein kategoriatako hitzak sortzen dituzten -ari, -le edo -tzaile atzizkiek, izenak ala izenondoak. Gramatika honetan bertan ere, adjektibo substantibatuen adibidetzat ematen dira zientzialari, ekonomialari, ikertzaile, kimikari, aurrelari eta atzelari (§ 14.1e). Hala ere, Adjektiboaren kapituluan, aurrerago, hauxe esaten da: “Egia da kantari edo saltzaile gisako hitzek adjektiboen funtzioa izan dezaketela euskaraz (neska kantari, gizon saltzaile…) baina, nolanahi ere, horiek, adjektibo balira, adjektibo arrunten artean sartuko lirateke. Egokiagoa da, zernahi gisaz, izentzat hartzea, batzuetan adjektibo gisa erabiltzen ahal badira ere, beste izen batzuekin gertatzen den bezala: gizon umea da hori edo mutiko astoa esaten dugu, edo neska oiloa, nahiz ume, asto eta oilo izen hutsak diren, batzuetan adjektibo bezala erabiltzen ahal direnak. Hortaz, horiek ere ez ditugu adjektiboen artean sailkatuko” (§ 14.2.1). Izan ere, zalantzak zalantza, atzizki hauek guztiak baliatzen ditugu euskaraz zerbaitetan diharduen, zerbait egiten duen gizakia izendatzeko; horregatik aztertuko ditugu azpisail honetan, eta atzizkiz atzizki emango ditugu beharrezko iruditzen zaizkigun xehetasunak.