4.2.3a Egin aditza dute oinarrian bi atzizki hauek. Lehenak ez du formalki inolako atzizkirik egilea adierazteko; bigarrenak, ordea, garbi asko ageri du -le aditzoinari erantsia; horregatik ez da hain harrigarria gerragin/gerra-egile, bertsogile/bertso-egile, ongigile/ongi-egile bikoteak aurkitzea. Euskal Herri osoan erabiltzen diren hainbat izenetan ageri da -gin (egurgin, hargin, legegin, upagin…). Gaur izen berriak sortzeko -gile baliatzen dugu. Ondare lexikoko izenetan -kin eta -kile aldaerak ikusiko ditugu, hots aldaketak gertatu direnean (okin, harakin, ikazkin, gaizkile…).
4.2.3b Izen bizigabeei, konkretu zein abstraktuei, eransten zaie -gile eta baita -gin ere, nahiz azken atzizki honen bidez sorturiko izen batzuk oso erabilera urrikoak izan. Hona hemen literatura tradizioko zenbait adibide:
alpargatagile, amesgile, bertsogile, biraogile, egurgile, eltzegile, erlojugile, erremusinagile, gaizkile, iltzegile, iruzurgile, juramentugile, labanagile, legegile, liburugile, limosnagile, liskargile, mirarigile, nobelagile, penitentziagile, talogile, usuragile, zilargile, zinemagile
behargin, bekatugin, bitxigin, bizargin, gaiztagin, gerragin, papergin, sugin, uztargin
Izen bizigabe eratorriek, eratorpen atzizki bat dutenek ere har dezakete ondoren -gile (gozokigile, hiztegigile, izozkigile). Inoiz edo behin aditzoina ere aurki dezakegu oinarri gisa (osagile, sendagile, sendagin/sendakin), baina salbuespenak dira.
4.2.3c Askotan lanbide modura, oinarriak adierazten duen hori egiten duen gizakia izendatzeko baliatzen ditugu -gin eta -gile. Oinarrian amets, birao, iruzur, usura eta horien antzeko izenak ditugunean, ordea, nekez aurkituko dugu ‘lanbide’ adiera; horrelakoetan, ametsak, biraoak, iruzurra edo usura egiten duen norbaitez ari gara. Goraxeago esan bezala, atzizkiak aditzaren oihartzun garbia gordetzen duelako har daitezke, hain zuzen, zapatagin edo bertsogile izenak, objektua, aditza eta subjektua biltzen duten elkartu sintetikotzat (Euskaltzaindia 1991).