4.5.5a Atzizki honek ez du gaur egun emankortasun handirik. Literaturako testuei begiratuz gero, erabilera modu bat baino gehiago ikusiko dugu, betiere aditzoina oinarri duela. Batetik, izen zaharrak ditugu, oro har ekialdekoak, eta ‘gertaera’ zein ‘ondorioa’ adierazten dutenak: aiherkunde, bahikunde, desirkunde, egikunde, nahikunde. Elkhargana erakusten dute aiherkundea (Etxeberri Ziburukoa); Noizik behin ethortzen zeizkidan […] Iainkoa baithan phentsatzeko desirkunde batzuk (Axular); Zure nahikundea balinbada nik ohorerik ez izatea, zure gogara egin bedi (Duvoisin). Gehienak bildu ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta gaurko corpusetan ere ageri dira.
4.5.5b Bestetik, baditugu XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak, batez ere, erlijioari lotuak: agerkunde, berpizkunde, deikunde, Igokunde, Jasokunde, sorkunde; baina baita oldarkunde ere; guztiek ‘gertaera’ adiera dutela esan daiteke: Jaunaren zerura igokundea (Vitoria-Eleizbarrutirako Kristiñau-Ikasbidea); Jaunaren agerkundea (Kerexeta).
4.5.5c Eta baditugu izen berriagoak ere, gehienak euskara estandarrekoak, -kunde/-kuntza (§ 4.5.6) bikotean aurki ditzakegunak; adierari dagokionez, bikote horretako izen bakoitzak du bere ñabardura: aurkikunde, erakunde, federakunde, hauteskunde, hazkunde, zabalkunde… Xehekiago aztertzen baditugu, aurkikunde izenak bi adiera ditu: lehena, goiko agerkunde edo igokunde-ren sailekoa (Gurutze Deunaren Aurkikundea); bestea, ‘aurkikuntza’ definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak: Aurkikunde horiek psikologian eta medikuntzan erabil daitezke (Goienkaria); Gaur egun edozein egiaztapen, aurkikunde edo teknikak […] berekin nahi du zientziaren bedeinkapena (Lertxundi). Erakunde ihartua dago; erakuntza izenak ‘eratzea’ adierazten du, baina ez erakunde-k. Federakunde eta federakuntza erdal federaciónen ordain erabili dira (eta badute lekua gaurko corpusetan), baina federazio da estandarrerako arautua. Hazkunde eta hazkuntza sinonimotzat ematen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak adiera batean; baina hazkuntza izen eratorrian, ‘(animaliak) hazi’ adiera da oinarritzat aukeratua (abere hazkuntza). Zabalkunde eta zabalkuntza, biak erabiltzen dira euskara estandarrean (nahiz zabalkunde izan erabiliena, ia hiru bider agerraldi gehiago baititu zabalkuntza-k baino Egungo Testuen Corpusean). Bien arteko aldeari dagokionez, ez da askotan erraza ñabardurak antzematea; hala ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, badirudi zabalkunde ‘zerbaiti buruzko ezagutza edo norbaiten ideiak haien berri ez dutenengana helaraztea’ dela: Isilpeko informazioaren zabalkundea kontrolatu (Euskadiko Museoei buruzko Legea); zabalkuntza izenak, aldiz, zabaldu aditzaren beste adiera bat du oinarri batzuetan: Zirkonia purua polimorfikoa da eta […] 1.170 °C lortzen direnean, bolumen-zabalkuntza bat gertatzen da (Monasterio). Baina gehienetan zaila da zabalkunde / zabalkuntza bikotean aldeak ikustea.
4.5.5d Bada azkenik beste erabilera bat ere: pertsona adierazten duen izenari erantsi eta pertsona horien bilera-edo esan nahi duen izen eratorria sortzen duen -kunde, alegia. Egia da pentsa dezakegula beste atzizki bat dela, forma berekoa, baina beste balio batekoa, oinarrian den izenaren eta izen eratorriaren adiera ere azpisail honetan aztertzen ari garen izenen ‘ekintza’ (‘gertaera’), ‘ondorioa’ adieratik aldentzen den heinean. Dena den, oso adibide gutxi ditugunez hemen aipatzea iruditu zaigu egokiena; Emakunde da euskara estandarrean bide horretatik sortu den bakarra (erakunde baten izen propioa): aitakunde, Emakunde, gizakunde; Azkuek jaso zituen bere hiztegian, baina ez dute ia lekukotasunik testuetan.