1. artikulua.— Irismena
Ondare digitala gizakion jakintzaren edo adierazpenaren emaitza diren baliabide bakarrek osatutakoa da. Kultura-, hezkuntza-, zientzia- edo administrazio-arloko baliabideak eta informazio teknikoa, juridikoa, medikoa eta beste mota batzuetakoak barne hartzen ditu, zeinak zuzenean formatu digitalean sortzen baitira edo lehendik dagoen material analogikotik abiatuta formatu horretara bihurtzen baitira. “Jatorri digital”eko produktuak ez dira formatu elektronikoan baino izaten. Objektu digitalak izan daitezke: testuak, datu-baseak, irudi finkoak edo mugimenduan daudenak, soinu-grabazioak, material grafikoa, programa informatikoak edo web-orriak, eta gero eta ugariagoa den errepertorio zabal batean egon daitezkeen beste formatu asko. Askotan iragankorrak dira, eta horiek kontserbatzeko lan espezifikoa egin behar da ekoizpen-, mantentze- eta kudeaketa-prozesuetan. Baliabide horietako askok balio eta garrantzi iraunkorra dute, eta, beraz, babestu eta zaindu beharreko ondare dira, egungo eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan. Ondare hori etengabe hazten ari da, eta edozein hizkuntzatan, munduko edozein lekutan eta giza adierazpenaren edo jakintzaren edozein arlotan egon daiteke.
9. artikulua.— Kultura-ondarea babestea
Definizioz, ondare digitala ez dago denbora-, geografia-, kultura- edo formatu-mugen mende. Kultura baten espezifikoa bada ere, munduko edozein pertsona izan daiteke erabiltzaile. Gutxiengoek gehiengoetara jo dezakete, eta gizabanakoek mundu-mailako publiko batera. Erregio, nazio eta erkidego guztien ondare digitala zaindu eta edozein pertsonaren eskura jarri behar da, betiere denborarekin herri, nazio, kultura eta hizkuntza guztien ordezkapena ahalbidetzeko.