Leku-denborazko mugatzailea duten izen elkartuak aztertuko ditugu hemen: aitzin, albo, atze, aurre, azpi, barne, bazter, barne, behe, gain, gibel, goi, kanpo.
aitzinasmo, aitzinsolas, albo-emaitza, albo-hizkuntza, aurrekontu, aurreikuspen, aurreiritzi, aurrelan, aurrebaldintza, azpiatal, azpiegitura, azpimarra, azpimultzo, azpioihal, barne-araudi, barne-bizitza, barne-lotura, barne-migrazio, barne-muin, barne-oreka, behe-laino, gainazal, gainbalio, gainegitura, gainkarga, gain-presio, gainsoldata, goi-agintaritza, goi-kargu, goi-maila, goi-nafarrera, kanpo-ekintza, kanpo-irizpide, kanpo-mugarri
Gorago aztertzen dira leku-denborazko mugakizuna duten izen elkartuak, hitzaurre motakoak (§ 7.2.2.3g); osagarri-buru egitura dute (eta gaztelaniaz semantikoki buru diren aurrizkiak ordezkatzeko baliatzen ditugu: prehistoria/historiaurre, preguerra/gerraurre, posguerra/gerraoste). Leku-denborazko izena mugatzaile duten elkartuetan, aldiz, modifikatzaile-buru erlazioa dugu: azpimarra ‘azpian jartzen dugun marra, azpiko marra’ da, gainsoldata soldata da, soldata gehigarria, gainkarga karga da, gehiegizko karga. Modifikatzaile balioa duten pre-, sobre-, sub-, supra-… aurrizkia daramaten izenei ordainak emateko sortu ditugu horrelako elkartu asko azken urteetan (Villasantek ere [1974: 52] “algunas palabras que pueden servir de prefijos” izenburupean biltzen ditu aurre-, azpi-, gain- eta abar). Emankortasunari dagokionez, mugatzaile batzuek —aurre, azpi, barne, behe, gain, goi— askoz izen elkartu gehiagori ematen diote bide, beste batzuek baino —aitzin, albo, barru, barren, bazter, gibel—. Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik eman behar direla arautu zuen Euskaltzaindiak.
Mugatzaile bereziko izen elkartutzat hartzen dira Hitz-Elkarketa/4 lanean elkarlan eta kontradantza; hau da, elkar eta kontra lehen osagai dituztenak. Egia da baditugula gaurko euskaran horrelako izenak. Batetik, elkarbide, elkarbizitza, elkarrekintza, elkargiro, elkarrizketa, elkartruke, elkar-maitasun, elkar-konfiantza, elkar-jarrera, elkar-istimu. Bestetik, kontradantza, kontradibide, kontrazal, kontraegitura, kontrakarga, kontrapisu, kontrapozoi…
Elkar mugatzaileari dagokionez, ez da zalantzarik izenordain kategoriakoa dela, izenordain elkarkaria, hain zuzen ere (§ 13.8.4). Izen, adjektibo, aditz edo adberbio kategoriako osagaiak dira hitz elkartuak eratzen dituztenak; ez izenordainak. Are gutxiago, dagokion kasu marka edo postposizio atzizkia eskatzen duen elkar: elkar ikusi, elkar maitatu, elkarrekin joan, elkarri eman… Guztiz onargarriak dira elkargune edo elkarbide, mugatzailea, ezkerreko osagaia, elkar(tu) aditzoina izan baitaiteke; eta adibide horiek goraxeago aztertu ditugun mugakizun bereziko izen elkartuen sartuko genituzke (§ 7.2.2.3f). Hala ere, hainbat izen sortu ditugu euskaraz azken urteetan gaztelaniazko inter- zein con- aurrizkiei ordaina emateko. Diogunaren adibide argia da, esaterako, elkarrekintza sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian: “bi pertsonak edo gauzak elkarrekiko duten eragina” (ikus interakzio). Edo elkarbizitza “elkarrekin bizitzea” (ikus bizikidetasun). Baina aditzekin ere aurki dezakegu, elkarbanatu, baita adjektiboekin ere, elkarneurgaitz, elkarneurgarri. Honek ere, kategoria bateko baino gehiagoko mugakizunekin agertzeak, aurrizkien ezaugarria dakarkigu gogora.
Kontra, berriz, adberbio kategoriakoa da, eta postposizio ere izan daiteke aurretik genitiboa hartzen duela, -en kontra, instrumentala, -z kontra, edo datiboa Iparraldean, -i kontra. Bada kontra egin aditz lokuzioa ere, kontrako izenlaguna (kontrako eztarritik joan), kontrakotasun izena. Badu, beraz, autonomia lexikoa. Goraxeago aipatu ditugun izenek, hala ere, pareko erdal ordainak dituzte, contra- aurrizkiaz osatuak. Hots, erdal aurrizkiei ordaina emateko sortuak dirudite.