7.2.10a Lehen begiratuan, bi izenez osatutako mendekotasunezko izen elkartutzat hartuko genituzke astaputz, artaburu, babalore, txoriburu eta abar (§ 7.2.2.2) eta badute irakurketa hori ‘astoaren putza’, ‘artoaren burua’, ‘babaren lorea’…, baina bada beste irakurketa bat ere, batzuetan gainera lehenengoari nagusitu zaiona: artaburu adj. ‘argi gutxiko pertsonaz esaten den irain hitza’, txoriburu ‘buruarina, zentzu gutxikoa’, babalore ‘ergela’ eta abar. Bigarren irakurketa honek erakusten digu burua ez dagoela bi osagai hauetatik batean, kanpoan baizik; mendekotasunezko izen elkartuetan ez bezala, ez da bigarren osagaia izen elkartuaren ezaugarri gramatikal eta semantikoak ematen dituena. Astaputz ez da ‘putz’ mota bat, perretxiko mota bat baino; artaburu ez da ‘artoaren burua’, ez eta babalore ‘babaren lorea’ edo txoriburu ‘txoriaren burua’, hiztegiko definizioek erakusten duten moduan. Mota honetakoak dira, aipatu ditugun adibideez gain, astapotro, astapistola, astazakil, astolerdo, eltze-kirten, gezur-hitz, golde-mutur, hitzontzi, kakanarru, oliontzi, pitxilore, tipulaburu, edo zerriburu. Bestalde, hitz elkartu hauetako osagaiak izenak dira, baina elkartu osoaren kategoriatzat adjektiboa ematen dute hiztegiek, eta hala erabiltzen ditugu ahoz eta idatziz ere81. “Artaburu, morokil, borono, arlote” ta holako lora mingarriak bota deutsaguzala (Zarate); Gu beste guztiok astakirtenak garela (Kirikiño); Hau mutil hitzontzia! (Etxaniz); Eta hik tipula buru horrek jakin dezaan, harena duk edozein lehendakari ganorazkok beretzat apartatzen duen birjina sail bat (X. Amuriza “Larraun”).
7.2.10b Izen + izenondo egiturakoak dira, berriz, beste hauek: artabero, oilobusti. Osagaien kategoria kontuan hartuz gero, batetik ondoren aztertuko ditugun hitz-andana ihartuen (§ 7.2.11) egitura berekoak direla esango genuke; baina hitz-andana ihartuak izen kategoriakoak dira (udaberri, artelatz, zorion…), eta hemen jaso ditugunak izenondo balioan erabiltzen dira. Oakit emendik, artabero! (Etxaniz); Oilo busti eta zainik ez odol gorri xortik ez duten batzuek (Hiriart-Urruti).
7.2.10c Azkenik, badira izenondo kategoriako lehen osagaia dutenak ere, eder-ispilu, handiputz, harroputz… Orra gure eder-ispillu (Etxaniz); Sinisten det andiputztxoa da ta (Urruzuno).
Nekez esan daiteke, ordea, hitz elkartuak sortzeko eredu emankor bat dagoenik hemen. Zehatzagoa da esatea jatorriz mendekotasunezko izen elkartu direnak, inoiz bestelako egiturak ere bai, bigarren irakurketa metaforiko bat-edo izan eta pertsonei buruz predikatzen diren izenondo bihurtzen direla.
7.2.10d Autore batzuek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004) exozentrikotzat hartu dituzte sintaxian jatorria duten beste hauek ere: bostortz, ehunzango, lauburu… Zenbatzaile + izen segida sintagmei dagokie (zenbatzaile sintagmak izan ohi dira), baina adibide horiek izenak dira; hau da, funtsean, hurrengo puntuan aztertzen diren “hitz-andana ihartuak” dira (§ 7.2.11). Hauetan, ordea, burua ez da ‘hortz’, ‘zango’ edo ‘buru’; burua bi osagaietatik kanpo dago. Horregatik har ditzakegu exozentrikotzat.
81 Perez Gazteluk, Zabalak eta Gràciak (2004: 152) ere adjektibo elkartu exozentrikotzat hartu dituzte txoriburu edo hitzontzi. Bi izenez osatuak egon arren, hortik sortzen den elkartua adjektibo kategoriakoa izatea da, hain zuzen ere, izaera exozentrikoaren frogatzat hartzen dena.