17. artikulua.— Adingabeak atxilotzea
1. Agintariek eta funtzionarioek adingabearen atxiloketan parte hartzen dutenean, hori egin beharko dute adingabeari kalterik gutxien dakarkion eran, eta haien betebeharra izango da adingabeari azaltzea, hizkera argi eta ulergarrian, eta berehalakoan, zein egitate egozten zaion, zergatik izan den atxilotua eta zein eskubide dagokion, bereziki, Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluak zein eskubide aitortzen dion; haien betebeharra da, orobat, eskubide horiek errespeta daitezen bermatzea. Era berean, agintari eta funtzionarioek berehalakoan jakinarazi behar dizkiete atxiloketa eta zaintza-tokia adingabearen legezko ordezkariei eta Fiskaltzari. Atxilotutako adingabea atzerritarra denean, atxiloketa jakinaraziko zaie kontsulatuetako agintari eskudunei, baldin eta adingabearen ohiko bizilekua Espainiatik kanpo badago edo horixe eskatzen badute adingabeak berak edo haren legezko ordezkariek.
[…]
36. artikulua.— Adingabearen adostasuna
1. Idazkari judizialak espedienteko adingabeari azalduko dio, haren adinari egokitutako hizkera ulergarrian, zein neurri eta erantzukizun zibil eskatu duten Fiskaltzak eta, honakoak badaude, akusazio partikularrak eta auzi-jartzaile zibilak beren alegazio-idazkietan; azalduko dio, berebat, zein diren egitateak eta zein den egitateen oinarria.
39. artikulua.— Epaiaren edukia eta hori erregistratzea
2. Epaileak, epaia idaztean, ahaleginak egingo ditu bere arrazoiak adingabearen adinari egokitutako hizkera argi eta ulergarrian azaltzeko.
58. artikulua.— Informazioa eta erreklamazioak
1. Behin zentroan sartutakoan, adingabeek idatzizko informazioa jasoko dute euren eskubide eta betebeharrei buruz, beraiek jasan behar duten barneratze-erregimenari buruz, antolaketa orokorreko gaiei buruz, zentroaren funtzionamendua arautzen duten arauei buruz, diziplina-arauei buruz, eta eskaerak, kexak edo errekurtsoak aurkezteko bideei buruz.
Informazioa eurek ulertzen duten hizkuntza batean emango zaie.
Adingabe batzuek zailtasunak badituzte informazio honen edukia ulertzeko, beste bide egoki bat erabiliko da, azalpena emateko.
[…]