28. artikulua.— Aseguru-erakundeak likidatzea
3. Likidatzaileen izendapenaren, jarduketaren eta erantzukizunaren araubide juridikoa honako erregela hauen araberakoa izango da:
c) […]
Hartzekodun ezagunaren egoitza Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean badago, eta estatu hori Espainia ez bada, orduan aurreko informazioa gaztelaniaz emango da, baina idazkiak goiburu hauetako bat izan beharko du Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan kasuen arabera: “Kredituak aurkezteko deialdia. Epe aplikagarriak” edo “Kredituei buruzko oharrak aurkezteko deialdia. Epe aplikagarriak”. Hala ere, hartzekoduna aseguru-kreditu baten bidez bada, informazioa egoitza duen estatu kideko hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean emango da.
Hartzekodunen egoitza Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean badago, eta estatu hori Espainia ez bada, orduan hartzekodunok kredituak erreklamatzeko edo horiei oharrak egiteko idazkiak aurkeztu ahal izango dituzte egoitza duten estatuko hizkuntza ofizialean edo hizkuntza ofizialetako batean, baina idazkiak “Kredituen aurkezpena” edo, hala badagokio, “Kredituei buruzko oharrak aurkeztea” izan beharko du goiburu, gaztelaniaz.
78. artikulua.— Aseguru-erakunde baimenduen antolamendua eta gainbegiratzea
4. Gaztelaniaz aurkeztuko dira kontratu-dokumentazioa eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak aseguru-erakunde horiei eskatzeko eskubidea duen edo erakunde horiek hari bidali behar dioten gainerako informazioa, aurreko 2. apartatuan eta kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.
80. artikulua.— Esku hartzeko neurriak
4. […]
Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide bateko agintaritza eskudunak izendatutako administratzaileek eta likidatzaileek beren eginkizuna bete ahal izango dute Espainian; ondorio horietarako, beren izaera egiaztatzeko, horiek izendatzeko hartutako ebazpenaren ziurtagiria edo erabakiaren kopia legeztatua aurkeztu beharko dute, gaztelaniara itzulita.
[…]
81. artikulua.— Aseguruaren hartzaileari informatzeko eginbeharra
1. Egoitza Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean duten aseguru-erakundeak, Espainian kokatzeko eskubidearen araubidean edo zerbitzuak aske emateko araubidean jarduten dutenak, bi araubideotan egiten dituzten kontratuetan lotuta egongo dira aseguru-hartzaileari informatzeko lege honen 53. eta 60. artikuluek Espainiako aseguru-erakundeei ezartzen dieten eginbehar beraren mendean. Era berean, berariaz aipatu beharko dute erakundearen likidazioari buruzko Espainiako araudia ez dela aplikatzen. Informazioa aseguru-hartzailearen bizilekuko edo ohiko egoitzako Espainiako hizkuntza ofizialean emango da.