Indarrean dagoen Senatuaren Erregelamenduak, 1994ko maiatzaren 3ko testu bateginak, aukera jasotzen du gaztelaniarekin batera Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzak hiru kasutan erabiltzeko:
11 bis artikuluak baimena ematen dio presidente hautetsiari, eratze-bilkuran, hizkuntzok lehenengo hitzaldian erabiltzeko.
56 bis 7 artikuluaren 2. apartatuak baimena ematen du hizkuntzok Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorrean autonomien egoerari buruzko eztabaidan egiten diren hitzaldietan erabiltzeko. Eta laugarren xedapen gehigarriak aurreikusten du ezen herritarrek eta instituzioek Senatura edozein hizkuntza koofizialetan jo ahal izango dutela idatziz.
Aldaketa honek aurre egiten dio Espainiako Estatuaren hizkuntza-aniztasunaren aitorpenean sakontzeko beharrari, hizkuntza ofizialak Senatua bezalako instituzio batean garatuz; izan ere, instituzio hau lurralde-ordezkaritzako ganbera gisa definitzen du Konstituzioaren 69.1 artikuluak. Aldaketa honek, beraz, hizkuntza koofizialen erabilera zabaltzen du Senatuan.
Erregelamenduaren erreforma berri honek aukera ematen du hizkuntza koofizialak erabiltzeko Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorraren bilkura guztietan, organo horrek ondoen interpretatzen baitu instituzioaren izaera autonomikoa, zeren autonomia-erkidegoetako eta hiri autonomoetako gobernu-kontseiluetako ordezkariek esku har baitezakete. Baimena ematen du, era berean, gaztelaniaz gain, beste hizkuntza batean aurkezten diren legegintzaz besteko ekimenak Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialeko Senatuaren atalean argitaratzeko.
Lehenengo artikulua
Kendu egiten da 56 bis 7 artikuluaren 2. apartatua.
Bigarren artikulua
56 bis 9 artikulua (berria) gehitzen da, eta honela geratuko da idatzita:
«Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorraren bilkuretan gertatzen diren hitzaldiak gaztelaniaz eta Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan egin ahal izango dira. Bilkura-egunkarian, hitzaldiok egin diren hizkuntzan eta gaztelaniaz erreproduzituko dira oso-osorik».
Hirugarren artikulua
191. artikuluari 2. apartatua (berria) gehitzen zaio, eta honela geratuko da idatzita: «Mozio, interpelazio edo galdera baten egileak hura gaztelaniaz eta, gainera, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako batean aurkezten badu, ekimena hizkuntza horretan ere argitaratuko da».
Azken xedapena
Erreforma hau 2005eko irailaren 1ean jarriko da indarrean.