36. artikulua[499]
3. Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordearen erabakiak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzita, web-orri batean sartuko dira, ondorio hauetarako gaituko dena.
38. artikulua[500]
3. Hauteskundeetarako atal, mahai eta lekuen behin betiko zerrenda, euskaraz eta gaztelaniaz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 24.4 artikuluan aurreikusitakoa jarraituz argitaratuko da.
44. artikulua[501]
1. Izendapena egin eta hurrengo hiru egun igaro baino lehen, horren berri eman beharko zaie interesdunei. Jakinarazpenarekin batera, mahaietako kideei jarraibide-liburu bat emango zaie beren eginkizunei buruz euskaraz eta gaztelaniaz. Hauteskunde-mahaietako lehendakari eta bokal izendatu dituztenek zazpi eguneko epea izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean adierazteko zergatik ezin duten kargua onartu, arrazoiak justifikatua eta dokumentatua izan beharko duelarik. Batzordeak gaiari buruzko erabakia hartzeko bost eguneko epea izango du, eta ezingo da errekurtsorik jarri erabakitakoaren aurka. Dena delako pertsona ordeztu beharra dagoela erabakitzen badu, horren berri emango dio lehen ordezkoari. Eskualdeetako hauteskunde-batzordeek, labur bada ere, azaldu egin beharko dute zergatik ez dituzten onartu dena delako pertsonak mahaiko kide ez izateko emandako arrazoiak.
68. artikulua
3. Eusko Jaurlaritzak, hauteskunde-prozesuan, kanpaina instituzional bat egingo du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko informazioa emateko eta horietan esku hartzera bultzatzeko. Argibide hauek emango ditu: bozketak noiz eta non izango diren, hautesleak nortzuk diren, botoa emateko prozedura zein den eta postaz nola eman daitekeen botoa, eta bozketaren inguruko gainerako izapideen berri; dena den, inola ere ez du eragingo hautesleen botoaren aukeran. Kanpaina instituzionalean hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko da, eta publizitatea aurrera eramateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko titulartasun publikoko komunikabideetako tarteak erabiliko dira, dohainik, eta baita autonomia-erkidegora mugatuta dauden Estatuaren titulartasunekoak ere.
81. artikulua
6. Eusko Jaurlaritzaren mendeko komunikabide publikoetan, gutxienez, politika orokorrari buruzko eztabaida bat egingo da hizkuntza ofizial bakoitzean. Eztabaida horretan, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztietako hautagaiek parte hartuko dute.
Era berean, hizkuntza ofizial bakoitzean elkarrizketa bat egingo zaio aipatutako alderdiek izendatutako hautagaiari.
91. artikulua
2. Boto-paper, gutun-azal eta hauteskundeei buruzko gainerako agirietako idazkiak Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetan inprimatuko dira.
132 bis artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan azalduko dira hauteskunde-mahai bakoitzeko hautetsontzi elektronikoko softwarean eta botoa emateko pantailetan dauden mezuak, eta bai hauteskunde-agirietako testua ere.