[…]
Bigarren kapituluak baliabideen banaketa bertikalaren ereduari heldu dio, eta bertan eguneratu dira kenkari batzuk, kupoa zehazteko metodologia aplikatzearen ondoriozkoak edo Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakien ondoriozkoak, kontuan hartuta Estatuak finantzaketa-konpromisoak har ditzakeela autonomia-erkidegoen eskumen-eremuetan edota zerbitzu-eskualdatze jakin batzuen finantzaketa-araubide berezia. Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era igo da, honako hauek bertan integratuta: alde batetik, eginkizun eta zerbitzu batzuen eskualdatzeei dagokien berariazko finantzaketa eta finantzaketa berria, aurreko koefizientean agertzen ez zirenak (1441/2010 Errege Dekretuaren ondoriozko finantzaketa salbu); beste batetik, erakunde erkideetatik lurralde historikoetara eramandako baliabideak, gizarte-zerbitzuen zorroa finantzatzeko ekarpen nabarmen handiagoa oinarritzat hartuta, eta, azkenik, euskara sustatzeko politikei eta udal-eremuko euskararen normalizazioaren plangintzari dagokien zenbatekoa.