Bigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza ofizialen erabilera
1. Lege honetan xedatutakoa betetzen dutenean, osasun publikoko jarduketetan, administrazio publikoek, haiei lotutako entitateek eta entitate pribatuek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta zainduko dituzte. Horretarako, herritarrekin dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan, herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dute, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2023 Legean eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako moduan.
2. Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea eta Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua osatzen duten kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera-deietan, gai-zerrendetan, saioetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.
3. Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.