[…]
Foru-legea xedapen gehigarri batzuek osatzen dute. Honako gai hauei buruzkoak dira: jarraipen batzorde bat sortzea gardentasuna eta gobernu irekia ezartzeko; informazio publikoa eskuratzeko eskubidea modu telematikoan izapidetzea; Nafarroako Gobernuari mandatu bat ematea urtebeteko epean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea erreformatzeko proiektua egin dezan, erakunde horien jardueran foru-lege honetako printzipioak eta aurreikuspenak gehitzeko; beste instituzio batzuetan gardentasuna sustatzea; Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileentzat prestakuntza-plan berariazko bat abiaraztea, aurreikusitako eskubide eta betebeharrei buruz; euskararen erabilera informazio publikoa eskuratzeko eskubidean; informazioa eskuratzeko eskubidearen erregulazio bereziak; foru-legearen printzipio artezkariak bermatzeko egin beharreko egokitzapenak; dirulaguntzen onuradunek gardenak izateko dituzten betebeharrak; arauak egokitzeko bultzada ematea; genero-berdintasuna hizkeran; eta, azkenik, lizentzien izapidetzea erraztea.
[…]
4. artikulua.— Gobernu Irekiaren jarduketaren printzipioak
Aplikatzekoak zaizkion arauetan aurreikusitako printzipioetara egokituko du bere jarduketa Administrazio Publikoak, eta, horretaz gain, Gobernu Irekia ezartzeko foru-lege honek funtsezkotzat jotzen dituen printzipioetara, hau da:
i) Sinpletasunaren eta ulertzearen printzipioa: izapideak progresiboki gutxitzeari ekin behar dio Administrazio Publikoak, hizkera ulerterraza erabiltzea eta zama administratiboak kentzea sustatuko duten prozesuak eta teknikak ezarriz.
Xedapen gehigarriak
Seigarren xedapen gehigarria.— Euskararen erabilera eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea
1. Foru-lege honen III. tituluan informazio publikoa eskuratzeko araututa dauden eskaerei aplikatzekoa izanen zaie euskara administrazio publikoetan erabiltzeari buruzko araudia.
2. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-atariaren bidez hedatzen den informazio publikoa modu progresiboan euskaraz ager dadin.
Hamaikagarren xedapen gehigarria.— Genero-berdintasuna hizkeran
Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean, foru-lege honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasuetan ulertu behar da adierazpenaren ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua edozein dela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.