Giza eskubideei buruzko nazioarteko arauek berdintasuna eta diskriminaziorik eza ezartzen dituzte oinarrizko printzipio gisa. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 1. artikuluak baieztapen zalantzaezin hau ezartzen du: “«Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela». Adierazpen beraren 2. artikuluak ondoren hauxe baieztatzen du: «Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik». NBEk adierazi duen bezala, agindu horrek berak legearen aurrean tratu-berdintasunerako eskubidea eta diskriminazioaren aurka babestua izateko eskubidea dakartza zenbait arrazoirengatik, besteak beste, sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik.
[…]
Legeak, genero-identitatearen eta genero-adierazpenaren definizioari dagokionez, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren irizpideari jarraitzen dio, eta agentzia horrek, aldi berean, definizioa lortu zuen Europako eta nazioarteko antolakunde nagusiekin egindako kontsulta-lan zabal bat egin ondoren. Genero-identitatearen kontzeptua generoaren barne-bizipenari eta bizipen indibidualari dagokie, pertsona bakoitzak bizipen horiek sakonean sentitzen dituen bezala, gorputzaren bizipen pertsonala eta beste batzuk sartuz, hala nola janzkera, hitz egiteko modua eta moldeak. […]
[…]
40. artikulua.— Kode deontologikoak
Zainduko da komunikabideek, autorregulazioaren bidez, kode deontologikoak har ditzatela, zeinek jasoko baitituzte berdintasunarekiko errespetua eta genero-identitatean edo -adierazpenean oinarritutako diskriminazioaren debekua, bai informazio- eta publizitate-edukietan, bai erabilitako hizkeran, edozein delarik erabilitako euskarria edo hedabidea.