Logopeden lanbidea osasun-lanbide gisa arautzen du Osasun-arloko lanbideak arautzen dituen azaroaren 21eko 44/2003 Legeak; eta beronek lanbide honen berezko eginkizunak definitzen ditu: entzumenean, fonazioan eta hizkeran izaten diren nahasmenduak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak, betiere, horretarako, diziplina horretan berariazkoak diren terapia-teknikak erabilita.
[…]
Legeak honako zati hauek ditu: zioen azalpena; lau artikulu tituludun, hurrenez hurren, xedea, lurralde-eremua, eremu pertsonala eta komunikazioetako hizkuntza; xedapen gehigarri bat; hiru xedapen iragankor eta azken xedapen bat.
4. artikulua.— Komunikazioetako hizkuntza
Elkargoak galiziera erabiltzen saiatu eta sustatuko du bere komunikazio guztietan, kanpokoetan zein barnekoetan, Galiziako Autonomia Estatutuan eta hizkuntza-normalizazioari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
Hirugarren xedapen iragankorra
Lege hau indarrean jarri eta hurrengo bi urteetan hala eskatzen badute, Galiziako Logopeden Elkargo Profesionalean sartu ahal izango dira hizkuntzaren eta entzumenaren perturbazio eta patologien arloan lan egin duten edo lan egiten duten profesionalak, baldin eta logopediako unibertsitateko diplomadun-titulurik ez badute eta honako kasu hauetako batean badaude:
1. Logopediaren arloan gutxienez lau urtez jardun dutela egiaztatzen duten profesionalak, baldin eta honako titulazio hauetako bat badute:
a) Hizkeraren eta entzumenaren nahasmenduetako irakasle espezializatuaren titulua, Hezkuntza Ministerioak emandakoa.
b) Hizkera eta entzumenaren perturbazioetako espezialistaren diploma, Espainiako edozein unibertsitatek emana.