3. artikulua.— Printzipio gidariak
Honako hauek dira lege honen preskripzioak betetzen dituzten printzipio gidariak:
e) Berdintasuna: printzipio hori etengabeko kezka da desberdintasunak behar bezala zuzentzeko, arreta berezia jarriz sexuaren ziozko desberdintasunei, gizarte-bazterketako eta marjinalitateko arrisku-egoerei, eta galiziera sustatzeari, betiere bi hizkuntza ofizialen erabileran aukeren oreka bermatzeko, bai eta Galizian dauden lurralde-desoreken ondoriozko desberdintasunei ere.
16. artikulua.— Gazteria eta hizkuntza-dinamizazioa
1. Galiziako Xuntak galiziera erabiliko du gazteriari zuzendutako ekintzetan, eta gazteriarekin zerikusia duten elkarte, kolektibo eta erakunde publiko eta pribatuek Galizian funtziona dezaten sustatuko du, Galiziako Hizkuntza Normalizazioari buruzko ekainaren 15eko 3/1983 Legearen esparruan.
2. Galiziako Xuntak eta, bereziki, Galiziako Gazteria Eskolak gazteriaren sektorerako jarduerak egiten dituzten teknikarien hizkuntza-prestakuntza zainduko dute.
3. Administrazioak hizkuntza-eskakizun desberdineko gazteen arteko harremana bultzatuko du aisialdiko jardueren bidez.
18. artikulua.— Gazteentzako zerbitzuak
3. Gazteei zerbitzuak ematen dizkieten erakundeek galizieraren erabilera zainduko dute, otsailaren 11ko 1/2010 Legearen arabera; izan ere, lege horrek Galiziako zenbait lege aldatzen ditu, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauaren arabera egokitzeko.
33. artikulua.— Galiziako Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenak
Galiziako Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gazte-gaietan eskumena duen sailaren bitartez gauzatuko ditu bere eskumenak, eta sail horri honako eginkizun hauek dagozkio:
o) Gazteentzat zuzendutako jardueretan galiziera dinamizatzea.
34. artikulua.— Toki-administrazioaren eskumenak
1. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2. artikuluan jasotako printzipioen esparruan, eta Galiziako legerian toki-araubidearen arloan ezarritakoarekin bat etorriz, toki-administrazioko erakundeek gazteriaren arloko eskumen hauek hartu ahal izango dituzte beren gain:
i) Beren lurralde-eremuan, gazteen artean galiziera dinamizatzea.
38. artikulua.— Nazioarteko elkarlana
3. Galiziako Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak elkarlan-ekimenak bultzatuko ditu Galiziatik kanpoko zentro galiziarrekin, betiere galiziar jatorriko gazteei zuzendutako programak garatzeko. Era berean, Galiziako gazteen eta Galiziatik kanpoko zentro horien arteko trukeak bultzatuko ditu kanpoan, baita mundu osoko unibertsitateetako Galiziako hizkuntzaren eta kulturaren ikaskuntza-zentroetan ere.