Galiziako Unibertsitate-sistema antolatzeko 11/1989 Legea indarrean jarri zenetik hogei urte baino gehiago igaro direnez, komeni eta beharrezkoa da Galiziako unibertsitate-irakaskuntza arautzen duen araudia eguneratzea eta sinplifikatzea, betiere Galiziako unibertsitate-sistemaren (GUS) koherentzia eta iraunkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren politika publiko guztiei asmo handiz ekiteko. Eguneratze horrek helburu hauek bete behar ditu: unibertsitateko irakaskuntza publikoa eta unibertsitateetan egiten den ikerketa bultzatzea; Galiziaren identitate-ezaugarriak defendatzea, bereziki hizkuntza, eta GUS Galiziako gizartean sustraitzearen aldeko apustua egitea, herritarren prestakuntzan lagunduz eta ezagutza gizartera hurbilduz.
[…]
2. artikulua.— Galiziako unibertsitate-sistemaren helburuak eta xedeak
1. Hauek dira GUSen helburu eta xedeak:
f) Galiziera, Galiziako hizkuntza ofiziala eta berezkoa, sustatzea, bai eta sustapena egitea hura bizi dadin gaztelaniarekin, zeina ere hizkuntza ofiziala baita, eta, hala badagokio, irakaskuntzarako eta ikerketarako interesgarriak diren beste hizkuntza batzuekin.
29. artikulua.— Ezartzea, baimena eta izendapena
5. Atal honetan aipatzen diren zentroek beraiei dagokien izendapena izango dute ematen dituzten irakaskuntzen arabera, eta ezin izango dute izendapenik erabili, baldin eta nahasmendua sortu ahal bada izendapenak duen esanahiagatik edo atzerriko hizkuntza bat erabiltzeagatik, zentroen izaerari, zentroek ematen dituzten irakaskuntzei edo haien titulu, ziurtagiri edo diploma akademikoen izaerari, baliozkotasunari eta ondorioei buruz.
89. artikulua.— Hizkuntza
1. Galiziako unibertsitateetako hizkuntza ofizialak galiziera eta gaztelania dira. Unibertsitate-jardueretako hizkuntza ofizialen erabilera Hizkuntza Normalizazioari buruzko ekainaren 15eko 3/1983 Legearen eta unibertsitateen berezko arauek xedatzen dutenaren arabera arautuko da.
2. Galiziera, Galiziako berezko hizkuntza denez, unibertsitateen jardueretan erabili ohi den hizkuntza da.
3. Galiziako Xuntak eta unibertsitateek, beren eskumenen eremuan, galizieraren ezagutza eta erabilera bultzatuko dute unibertsitate-jardueraren aspektu guztietan, eta haren ikaskuntza sustatuko dute unibertsitate-erkidegoko kide guztien artean.
4. Irakaskuntza- eta ikerketa-jardueran galiziera erabiltzea kontuan hartu ahal izango da irakaskuntza- eta ikerketa-lanaren banakako merezimenduak aitortzeko.