12. artikulua.— Berehalakotasuna eta presentzialtasuna
1. Bitartekariek beti joan behar dute euren buruz bitartekaritza-bileretara. Aldeek euren buruz bertaratu beharko dute gatazkak ius cogens eskubide guztiz pertsonalei eragiten dienean edo gatazka Fiskaltzak fiskalizatu behar duenean, betiere adingabe eta ezgaien beharrezko ordezkaritzari kalterik egin gabe. Kasu horietatik kanpo, aldeek ordezkariak aurkeztu ahal izango dituzte, bitartekariari zuzendutako ordezkaritza egiaztatzen duen idazki baten bidez. Hala badagokio, bitartekariak proposatu ahal izango du beste pertsona batzuk egotea aholkulari gisa, zeinak aldeek onartu beharko baitituzte. Aholkulari horiek aldeei eta bitartekariei eskatzen zaizkien eskubideak eta eginbeharrak ere izango dituzte. Gainera, adierazteko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonen kasuan, interprete egokiak joan ahal izango dira, bitartekaritza-saioak ulergarriak izan daitezen.