[…]
Egungo sistema demokratikoaren sorbururik hurbilenak memoria errepublikanoa eta antifrankismoa dira. Baina sistema demokratiko baterako trantsizioa Franco jeneralaren diktaduraren legezkotasun instituzionaletik hasitako erreforma-prozesu batetik abiatuta gauzatu zen, zeinak, Bigarren Errepublikaren aurkako altxamendu militarraren ondoren, instituzio demokratiko guztiak suntsitu zituen —besteak beste, Kataluniako Generalitatena—, bai eta Kataluniako hizkuntza eta kultura deuseztatzeko borondate sistematikoa ere. […]
[…] Horrela, Memorial Demokratikoak memorien pluraltasunaren adierazpena izan nahi du askatasun demokratikoen aldeko borrokaren esparruan, eta zenbait ikuspegitatik gauzatzen du bere jarduera: ideologikoak, kontzientziakoak, sozialak, kulturalak, linguistikoak, nazionalak, generokoak eta sexu-orientaziokoak, besteak beste.
[…]
2. artikulua.— Xedea eta helburua
Memorial Demokratikoaren xedea da memoria demokratikoa berreskuratzeko, oroitzeko eta sustatzeko ekintza zibikora bideratutako Gobernuaren politika publikoak garatzea, eta, zehazki, hauek ezagutzea: Bigarren Errepublikaren aldia; Generalitat errepublikanoa; Gerra Zibila; arrazoi ideologikoengatik, kontzientziako arrazoiengatik edo arrazoi sozialengatik gatazkaren biktimak izan zirenak; diktadura frankistaren errepresioa; erbesteratzea eta deportazioa; hizkuntza eta kultura katalanak ezabatzeko ahalegina; antifrankismoaren balio eta ekintzak, eta kultura demokratikoaren tradizio guztiak. Hori guztia egingo da, modu zientifiko eta objektiboan arestiko iragana ezagutarazteko, eta gaur egungo denbora errazago ulertarazteko.