[…]
Atariko tituluak legearen xedapen orokorrak jasotzen ditu, legearen xedea eta jardun-eremua zehazten dituztenak, bertan erabilitako termino nagusien definizioak jasotzen ditu, Murtziako Erregioko Autonomia Erkidegoko Larrialdietako eta Babes Zibileko Sistemaren printzipioak jasotzen ditu, eta printzipio horiek bete beharko dituzte larrialdi-egoeretan esku hartu behar duten zerbitzu operatiboak dituzten erakunde publiko edo pribatuek, bai eta babes zibilaren arloko eskubide eta betebeharrak ere.
[…]
2. artikulua.— Definizioak
1. Lege honen ondorioetarako, larrialditzat hartuko da bat-batean gertatzen den egoera, non pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa eta ondasunak arrisku larrian jartzen diren edo erasotzen diren, eta arriskuari aurre egiteko neurriak berehala hartzea beharrezko duen, betiere kalteak ahalik eta gutxienak izan daitezen. Kontzeptu horretan sartzen dira babes zibileko larrialdiak, eta hortik kanpo geratzen dira hondamendiak, hurrengo puntuan zehaztuko diren baldintzetan.
2. Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera, definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Arriskubidea: egoera jakinetan babes zibilak babestu beharreko pertsona-talde edo ondasun-multzoei kaltea eragiteko gertagarritasuna da.
b) Kalteberatasuna: pertsona-talde baten edo ondasun-multzo baten ezaugarria; ezaugarri horrek eraginda, arrisku batek pertsonok eta ondasunok neurri handiagoan edo txikiagoan eragiten ditu inguruabar jakin batzuetan.
c) Mehatxua: babes zibilak babesten dituen pertsonak eta ondasunak berehalako arriskuan edo arrisku latentean egoteari deritzo.
d) Arriskua: mehatxu batek pertsona-talde edo ondasun-multzo bati kalte egiteko gertagarritasuna da
e) Babes zibileko larrialdia: arrisku kolektiboko egoera, zeina gertaera batetik baitator, pertsonak edo ondasunak berehalako arriskuan jartzen dituena; gertaera horrek, gainera, beharrezko bihurtzen du botere publikoek azkar kudeatzea, haiei arreta emateko eta kalteak arintzeko eta hondamendi bihur ez dadin saiatzeko. Ezohiko larrialdi gisa izendatzen dira, eragin kolektiborik ez duen ohiko larrialdiari kontrajarrita.
f) Hondamendia: erkidego edo gizarte baten funtzionamendua nabarmen aldatzen edo eteten duen egoera edo gertaera, berak biktima, kalte eta inpaktu material ugari eragiten dituelako, eta horien arretak erkidegoaren beraren baliabideak gainditzen dituelako.
g) Funtsezko zerbitzuak: oinarrizko gizarte-eginkizunei, osasunari, segurtasunari, herritarren ongizate sozial eta ekonomikoari edo administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorrari eusteko beharrezkoak diren zerbitzuak.