[…]
Valentziako sistema kartografikoa osatzen duen azken elementua Valentziako izendegi geografikoa da, zeina osatzen baitute Valentziako Institutu Geografikoak egindako kartografian ageri diren toponimoek; kartografia hori Hizkuntzaren Valentziako Akademiak finkatutako izendapenen arabera egina izango da.
45. artikulua.— Valentziako izendegi geografikoa
1. Valentziako Erkidegoko toponimiaren izendegi ofiziala da Valentziako izendegi geografikoa, eta Generalitaten kartografian agertzen den Valentziako izendegiko toponimikoaren isla da, zeina Hizkuntzaren Valentziako Akademiak egindakoa baita.
2. Valentziako izendegi geografikoak georreferentziatutako elementu puntualen, linealen eta poligonalen izendapen ofizialen multzoa biltzen du, zenbait eskalatan, eta Hizkuntzaren Valentziako Akademiak, elementu horien azterketa historiko eta etimologikoa egin ondoren, finkatutako hizkuntza-forma zuzenak barne hartzen ditu.
3. Edozelan ere, izendegiak Valentziako toki-enteen izendapen ofizialak errespetatuko ditu, baina, jarduera kartografikoa egiteko, aukeratu ahal izango da izendapenetako bat bakarrik erabiltzea, izendapen bat baino gehiago dagoenean.
4. Izendegiak honako hauen izen ofizialak jasoko ditu:
a) Udalerrienak.
b) Eskualdeenak.
c) Beste biztanlegune batzuenak.
d) Gorabehera geografikoenak, orografiari eta hidrografiari buruzko toponimoak barne.
e) Komunikazio-bideenak.
f) Aurkintzenak eta parajeenak.
g) Beste leku interesgarri batzuenak.