L1132-1 artikulua
Inori ezin izango zaio ukatu kontratazio-prozedura batean parte hartzeko, ikastaro bat egiteko edo enpresa batean formazio-egonaldi bat egiteko aukera, eta soldatako langileen artean ere inor ezin izango da zigortua edo kaleratua izan, eta ezin izango da inoren kontrako neurri diskriminatzailerik hartu, ez zuzenean eta ez zeharka, hala nola 2008ko maiatzaren 27ko 2008-496 Legearen 1. artikuluan definitzen direnak, non zenbait xedapen ezartzen diren diskriminazioari eta, batez ere, L. 3221-3 artikuluaren zentzuan, lansarien saileko diskriminazio-kasuei aurre egitea helburu duen Europar Batasuneko legeriarekin bat egiteko, eta, alde horretatik, inori ezin izango zaio ukatu primak kobratzea, mozkinetan akzioen bidez parte hartzea, formazioa jasotzea, birsailkatzea, lan-esleipen eta -sailkapenetan partea hartzea, kualifikazio profesionala eskuratzea, langile gisa aurrera egitea, lanorduak, egiten denaren ebaluazioa[1423]edo kontratua aldatzea edo berritzea, baldin eta hori guztia arrazoi hauetako batengatik gertatzen bada: langilearen jatorria, sexua, ohiturak, sexu-orientazioa, genero-identitatea, adina, familia-egoera edo haurdun egotea, ezaugarri genetikoak, egoera ekonomikoak ekarritako kalteberatasun-egoeraren bat —egoera hori eragin duenak jakin zein ez—, langilea —egiaz nahiz ustez— etnia, nazio, arraza edo erlijio jakin bateko kide izatea edo ez izatea, iritzi politikoak, sindikatu- edo mutualitate-jarduerak, erlijio-sinesmenak, itxura fisikoa, deitura, bizilekua, banku-helbideratzea, osasun-egoera, autonomia galdu izana, zailtasunen bat edukitzea, edo frantsesaz bestelako hizkuntzaren batean mintzatzea, edo salatzailea, bideratzailea edo salatzaile bati lotutako pertsona izatea, hurrenez hurren, Gardentasunari, ustelkeriaren aurkako borrokari eta bizitza ekonomikoaren modernizazioari buruzko 2016ko abenduaren 9ko 2016-1691 Legearen 6-I artikuluaren eta 6-1 artikuluaren 1. eta 2. zenbakien arabera[1424].
1. atala
Xedapen orokorrak
L1221-3 artikulua
Lan-kontratua frantsesez eratu eta idatzi beharko da.
Baldin eta kontratuak objektutzat daukan enplegua termino atzerritar baten bitartez baino ezin izenda badaiteke, eta termino horrek ez badu ordainik frantsesez, termino atzerritarraren berri eman beharko da frantsesez lan-kontratuan bertan.
Baldin eta soldatako langilea atzerritarra bada, eta kontratuan bertan horren berri ematen bada, kontratua langilearen hizkuntzara itzuli beharko da, hark hala eskatuz gero. Bi testuak berdin-berdin joko dira benetakotzat. Bi testuak bat ez badatoz, soldatako langile atzerritarraren hizkuntzan idatzitako kontratua soilik erabili ahal izango da haren kontra egiteko.
Enplegatzaileak ezin izango du lan-kontratuko ezein klausula erabili soldatako langilearen kontra, baldin eta kontratuan artikulu hau aintzat hartzen ez bada.
2. atala
Araudi aplikagarria
L1262-4-5 artikulua
L. 4532-10 artikuluak barnean hartzen dituen eraikuntzako eta ingeniaritza zibileko obrei dagokienez, obra-zuzendariak L. 1262-4 artikuluarekin bat etorriz aplikagarria zaien araudia jakinarazi beharko die lekualdaturiko soldatapeko langileei, eta jakinarazpena langunean bertan ikusgai jarri. Lekualdaturiko soldatako langileak zein estatutakoak diren, estatu bakoitzeko hizkuntza ofizialetako batera itzuli eta langileen esku jarri beharko da jakinarazpena.
Dekretu baten bidez zehaztu beharko da betebehar hori nola gauzatu, batez ere lehen apartatuan aipatzen den informazioaren edukiari dagokionez.
L1262-5 artikulua
Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztuko dira:
[…]
7. L. 1263-7 artikuluaren aplikazio-baldintzak, batez ere frantsesera itzuli beharreko dokumentuen nondik norakoak eta dokumentuok Frantzian kontserbatzeko moduak.
3. atala
Lekualdaketaren baldintza bereziak
L1262-6 artikulua
Hargatik eragotzi gabe L. 1262-3 artikulua eta kapitulu honetako 2. atala, baldin eta enplegatzaileek, aparteko kasuren batean, soldatako langile bat edo gehiago lekualdatzen badituzte L. 1262-1 artikuluko 1. eta 2. zenbakietan iraupen laburreko prestazio eta eragiketei buruz ezartzen diren baldintzekin bat etorriz, eta soldatako langileok Lan Ministerioaren erabaki baten bidez zehazturiko zerrendan ageri diren jarduera profesionaletako batean badihardute, L. 1262-2-1 artikuluko I. eta II. zenbakietan ezartzen diren betebeharren dispentsa emango zaie enplegatzaileoi.
Frantzian denbora-tarte jakin batean jarduera profesional bakoitzak gehienez ere zenbat iraungo duen zehaztu beharko da artikulu honetako lehen apartatuan aipatzen den erabakiaren bidez.
Lehen apartatuan aipatzen diren enplegatzaileei L. 1263-7 artikulua aplikatzearen ondorioz zer-nolako egokitzapenak dagozkien, halakorik badagokie behintzat, Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko da, batez ere frantsesera itzuli beharreko dokumentuen nondik norakoak eta dokumentuok Frantzian kontserbatzeko moduak.
L1263-7 artikulua
Soldatako langileak Frantzian bertan lekualdatu nahi dituen enplegatzaileak, edo L. 1262-2-1 artikuluko II. zenbakian aipatzen den haren ordezkariak, titulu honetako xedapenekin bat datorrela egiaztatzen duten dokumentuak frantsesezko itzulpen eta guzti entregatu beharko ditu prestazioa eskatu behar dueneko lan-ikuskatzailetzan.
L1321-6 artikulua
Barne-erregelamendua frantsesez idatzi beharko da. Dokumentuarekin batera, hura atzerriko hizkuntza batera edo gehiagotara itzuli eta itzulpenak ere aurkeztu ahal izango dira.
Berdin jokatuko da soldatako langileari betebeharren bat dakarkion dokumentu ororekin edo bere lanerako ezagutzea beharrezkoa den zeinahi xedapenekin.
Xedapenok ez zaizkie aplikatuko atzerritik datozen edo atzerritarrentzat diren dokumentuei.
2. atala
Baldintza formalak
L2231-4 artikulua
Lan-konbentzio eta -akordioak, bai eta enpresa edo establezimenduko konbentzioak ere, den-denak frantsesez idatzi beharko dira.
Ezin izango da erabili konbentzio eta akordio horietako klausularik soldatako langilearen kontra, baldin eta atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik badago.
4. atala
Funtzionamendua
L2343-17 artikulua
Soldatako langileen ordezkariei frantsesezko bertsio eta guzti entregatu beharko zaizkie dokumentu guztiak.
1. atala
Enpresa-batzorde europarra
4. azpiatala
Funtzionamendua
L2353-21 artikulua
Soldatako langileen ordezkariei frantsesezko bertsio eta guzti entregatu beharko zaizkie dokumentu guztiak.
1. atala
Negoziazio-talde berezia
3. azpiatala
Funtzionamendua
L2362-8 artikulua
Soldatako langileen ordezkariei frantsesezko bertsio eta guzti entregatu beharko zaizkie dokumentu guztiak.
2. atala
Langile atzerritarrak Frantzian sartzea
L5221-3 artikulua
Soldatako langile gisa Frantzian sartu nahi duten atzerritarrek, baldin eta bertan modu iraunkorrean bizitzeko nahia adierazten badute, frantses nahikoa dakitela egiaztatu beharko dute aurretiaz izandako esperientzia balioztatuz, edo hitzeman beharko dute Frantzian bizitzen jarri ondoren ikasiko dutela frantsesa.
1. atala
Eginkizunak eta eginkizunok egikaritzea
L5223-1 artikulua
Frantzian modu iraunkorrean egoteko baimen-txartela lehen aldiz lortzen duten atzerritarrei lurralde osoan harrera egiteaz arduratzen den zerbitzu publikoa da Immigrazioaren eta Integrazioaren Frantziako Bulegoa.
Bulegoaren eginkizuna izango da, halaber, honako hauekin loturiko administrazio-, osasun- eta gizarte-ekintza hauetan parte hartzea:
[…]
6. Atzerritarrak Frantzian integra daitezen lortzea, Frantzian modu iraunkorrean egoteko baimen-txartela ematen zaienetik hasi eta bost urteko epean, eta frantsesa ikasteko edo hobetzeko baliabideak haien beharrizanetara egokitzea eta baliabide horiek eskaintzea, eta, horretan, hala badagokio, beste eragile batzuekin elkarlanean jardutea, atzerritarraren egonaldiak zenbanahi irauten duela ere;
[…]
L5331-4 artikulua
Debekatuta dago etxez etxeko lan- edo enplegu-eskaintzak egunkari, aldizkari edo noizean behingo argitalpenetan argitaratzea, edo haiek zeinahi komunikazio-bideren bitartez jendeari helaraztea, baldin eta atzerriko hizkuntzaren batean idatzirik badaude.
Baldin eta eskaintzen den lan edo enplegu hori termino atzerritar baten bitartez baino ezin izenda badaiteke, eta termino horrek ez badu ordainik frantsesez, terminoak zer esan nahi duen ahalik eta modurik zehatzenean azaldu beharko da, terminoak L. 5331-3 artikuluaren zentzuan inolako akatsik eragin ez dezan.
Aginduok Frantzian bertan betearaztekoak diren zerbitzuei aplikatuko zaizkie, eskaintza-egilearen edo enplegatzailearen nazionalitatea zeinahi dela ere, bai eta Frantziatik kanpora betearaztekoak diren zerbitzuei ere, baldin eta eskaintza-egilea edo enplegatzailea frantsesa bada, nahiz eta, halakoetan, proposaturiko enplegua lortzeko baldintza ezinbestekoa izango den atzerriko hizkuntza bat bikain jakitea.
Dena den, beren jardunean, erabat edo neurri batean, atzerriko hizkuntzaren bat erabili ohi duten hedabide eta argitalpenetako zuzendari edo arduradunek, Frantzian egon arren, hizkuntza horretan idatzirik dauden enplegu-eskaintzak argitaratu ahal izango dituzte.
1. atala
Bizitzan zeharreko lanbide-heziketa
L6111-2 artikulua
L. 6111-1 artikuluko lehen apartatuan aipatzen diren ezagutzak eta gaitasunak Hezkuntzaren Kodearen L. 122-1-1 artikuluan oinarritzen dira, eta artikulu hori garatzen eta osatzen dute.
Bizitzan zeharreko lanbide-heziketan, analfabetismoari aurre egitearen eta frantsesa ikasi eta hobetzearen aldeko ekimenak jarri beharko dira martxan, bai eta gaitasun digitalak eskuratzearen aldekoak ere. Zerbitzu publikoek, lurralde-kolektibitateek eta lurralde-kolektibitateen elkarteek, enpresek eta haien instituzio sozialek, sindikatuek eta elkargo profesionalek, bakoitzak dagokion ekintza-eremuan, ekimenok guztiok sortzeko eta martxan jartzeko lanetan esku hartu beharko dute.
2. atala
Definizioak
L7111-4 artikulua
Kazetari profesionalen parekotzat joko dira erredaktore, erredaktore-itzultzaile, takigrafo-erredaktore, erredaktore-berrikusle, berriemaile-diseinatzaile eta berriemaile-argazkilari gisa lan egiten duten profesionalak, salbu publizitate-agenteak eta, beren egitekoa zeinahi dela ere, noizean behingo kolaboratzaile gisa diharduten pertsonak.
1. atala
Xedapen erkideak
L8271-3 artikulua
Eskulan atzerritarrari eta langileak nazio batetik bestera lekualdatzeari buruzko erregelamendua betetzen den ala ez kontrolatzeko, L. 8271-1-2 artikuluan aipatzen diren kontrol-zerbitzuetako agenteek zinpeko interprete baten laguntza eskatu ahal izango dute —zehatz esatera, Zigor Prozeduraren Kodearen 157. artikuluan aipatzen diren zerrendetako batean izena emana duen batena—, baldin eta agenteok ez badituzte polizia edo jendarme nazionalen zerbitzuak ordezkatzen.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatzen diren kontrol-zerbitzuetako agenteek, baldin eta kode honen L. 8113-1 artikuluan aipatzen diren baldintzekin bat datozen establezimenduetan sartzeko eskubidea badute, zinpeko interprete baten laguntza jaso ahal izango dute.
L8291-1 artikulua
[…]
Informatikaren eta Askatasunen Batzorde Nazionalaren aurretiazko irizpenean oinarriturik, Estatu Kontseiluaren dekretu baten bidez zehaztu beharko dira identifikazio profesionaleko txartela emateko modalitateak, bai eta haietan ageri diren soldatako langileei buruz eman beharreko informazioa ere. Dekretu horrexen bitartez zehaztu beharko da, halaber, zer informazio-mota eman behar den Frantzian bertan lekualdaturiko langileei buruz L. 1262-4 artikuluaren arabera haiei aplikatzekoa den erregelamenduan oinarriturik, bai eta informazioa zer dokumenturen bitartez jakinarazi beharko den ere, zeinak langileek ulertzen duten hizkuntzaren batean idatzirik egon beharko baitu, identifikazio profesionaleko txartelarekin batera bidaltzeko.