23. artikulua
Epaileak ez du interprete batengana jo beharrik izango, aldeek beren artean darabilten hizkuntza baldin badaki.
23-1 artikulua
Aldeetako batek gorreria baldin badu, epaileak, hari laguntze aldera, zeinu-hizkuntzaren interprete bat edo Cued Speech sistemako edo gorrekin komunikatzeko ahala ematen dion hizkuntza edo metodoren batean gaitasun kualifikatua duen beste edozein pertsona izendatuko du auto baten bidez, eta ez da auto horren kontrako errekurtsorik jartzerik izango. Beste edozein gailu tekniko ere erabili ahal izango du epaileak, gorreria duen aldearekin komunikatzeko ahala ematen badio.
Dena den, aurreko apartatua ez da aplikagarria izango, baldin eta gorreria duena, komunikazioa ziurtatzeko neurri modura, berak aukeraturiko pertsona bat ondoan duela agertzen bada epailearen aurrean.
IV. atala
Mugaz haraindiko zenbait instrukzio-neurriri buruzko xedapen bereziak
Baldin eta, Europar Batasuneko kide diren estatuetako jurisdikzio-organoen arteko arlo zibil eta komertzialeko lankidetzari buruzko Kontseiluaren 2001eko maiatzaren 28ko 1206/2001 Erregelamendua (EK) aplikatuz, atzerrian instrukzio-neurriren bat hartzeko agintzen bada eta, jurisdikzio-organo errekeritura inprimakiak bidali behar direla eta, horrek itzulpen-gastuak eragiten baditu, epaileak, Zigor Prozeduraren Kodearen R. 122 artikuluan aipatzen diren tarifen arabera zenbatekoa zehaztu, eta gastuoi aurre egiteko diru-hornidura ezartzeko beharrezkoa den ordainketa egin dadila aginduko du. Epaileak aginduko du, kode honen 270. eta 271. artikuluetan aipatzen diren modalitateekin bat etorriz, diru-hornidura aldeetako zeinek edo zeintzuek eta zer eperen barruan entregatuko duten jurisdikzio-organo eskuduneko bulegoan.
Idazkariak itzulpena jaso bezain laster ordaindu beharko dio dagokion saria itzultzaileari.
670-3 artikulua
Baldin eta, jurisdikzio-organo eskuduneko bulegoaren eginbideren bat atzerrian jakinarazi behar dela eta, hari buruzko akta edo beste edozein agiri itzultzea beharrezkotzat jotzen bada, jurisdikzio-organo horretako bulegoburu edo arduradunak itzultzaile baten laguntza eskatu ahal izango du.
Zigor Prozeduraren Kodearen R. 122 artikulua aplikatuz ordainduko da itzulpena.
Jurisdikzio-organo eskuduneko bulegoaren eginbideei buruzko akten berri atzerrian emateak dakartzan gastuen zenbatekoa Zigor Prozeduraren Kodearen R. 93. artikuluko I. zenbakiko 13. apartatuan gastuei buruz ezarritakoa aintzat harturik finkatu, aurreratu eta ordainduko da.
II. azpiatala
Atzerritik heltzen diren akten jakinarazpena
688-6 artikulua
Jatorrizko estatuan hitz egiten den hizkuntzan emango da aktaren berri.
Hala ere, hartzaileak, akta idazteko erabili den hizkuntza ez badaki, jakinarazpena jasotzeari uko egin, eta alde errekeritzaileak akta itzul dezala edo frantsesezko itzulpen eta guzti entrega diezaiola eta gastuak bere gain har ditzala eskatu ahal izango du.
Bidalketa egitearen edo jakinarazpena helaraztearen ardura duen agintaritzak aukera horren berri eman beharko dio aktaren hartzaileari. Aktan ere jaso beharko da informazio hori, jakinarazpena bidali izanaren berri ematearekin batera.
Instantziekin, aktekin eta betearazpen-prozedurekin loturiko kostuen artean sartzen dira:
2. Akten itzulpen-gastuak, baldin eta legeak edo nazioarteko akordioren batek horretara behartzen badute;
[…]
9. Interpretazio- eta itzulpen-gastuak, baldin eta jurisdikzio-organoren batek atzerrian martxan jartzeko eskatzen dituen instrukzio-neurrietarako beharrezkoak badira, betiere Europar Batasuneko kide diren estatuetako jurisdikzio-organoen arteko arlo zibil eta komertzialeko lankidetzari buruzko Kontseiluaren 2001eko maiatzaren 28ko 1206/2001 Erregelamendua (EK) aintzat hartuz;
[…]
734-1 artikulua
Jurisdikzio-organo eskatzaileko idazkariak erregu-eskaera bidaltzeko erabakiaren berri eman eta jakinarazpena igorri beharko dio ministerio publikoari, non eta jakinarazpena ez den atzerriko jurisdikzio-organo edo agintaritza eskudunari zuzenean igortzekoa.
Erregu-eskaera bidaltzeko erabakiari itzulpen bat ere gehituko zaio, aldeek hala eskatuz gero eta hura frantsesez igorria izateko baimena ukatua izan ez bada behintzat.
1. paragrafoa
Instantzia handiko auzitegiak nazioarteko erregu-eskaera betearaztea
740. artikulua
Atzerritarrak badira ere, aldeek eta abokatuek galderak egin ahal izango dituzte, epaileak baimena ematen badie; galderok frantsesez edo frantsesera itzulita formulatu beharko dira, eta berdin erantzunak ere.
[…]
3. paragrafoa
Xedapen erkideak
748. artikulua
Erregu-eskaeren betearazpenak ez du gastu edo zergarik eragingo.
Dena den, atzerriko agintaritzak bere gain hartu beharko ditu erregu-eskaeraren betearazpenean esku hartzen duten lekuko, aditu, interprete eta gainerako pertsonei ordaintzeak dakartzan gastu guztiak. Berdin jokatu beharko da jurisdikzio-organo eskatzailearen eskaeraren aurrean jokatzeko moduak eragindako gastuekin.
[…]
1146. artikulua
Aldeek hala eskatuz gero, abokatuak dibortzioari buruzko konbentzioa eta haren eranskinak bidali beharko dizkio notarioari, dokumentuok notarioaren protokoloan jasota gera daitezen, konbentzioa sinatzen den egunetik hasi eta zazpi eguneko epean.
Frantsesez idatzita badaude, 2007ko abuztuaren 10eko 2007-1205 Dekretuaren 7. artikuluko baldintzen araberako ahalak dituen itzultzaile batek itzuli beharko ditu konbentzioa eta haren eranskinak, eta dokumentu guztiak itzulpen eta guzti entregatu.
[…]
1515. artikulua
Arbitraje-laudoa badela egiaztatzeko, jatorrizkoarekin batera, arbitraje-konbentzioa aurkeztu beharko da, edo dokumentu horien guztien kopiak, baldin eta benetakoak direla frogatzeko baldintzak betetzen badituzte.
Dokumentuok frantsesez idatzirik ez badaude, alde errekeritzaileak itzularazi egin beharko ditu. Horretarako, alde errekeritzaileak peritu judizialen zerrendetako batean izena emana duen itzultzaile batengana jo ahal izango du, edo Europar Batasuneko kide den estatu bateko, Europako Esparru Ekonomikoko kide den estatu bateko edo Suitzako Konfederazioko agintari judizialen edo administrazio-agintarien aurrean jarduteko ahala duen itzultzaile batengana.
1517. artikulua
Exequaturra jatorrizkoari aplikatuko zaio, edo, halakorik ez bada, arbitraje-laudoaren kopiari, 1516. artikuluko azken apartatuan ezartzen diren baldintzen arabera.
Arbitraje-laudoa frantsesez idatzirik ez badago, exequaturra itzulpenari aplikatuko zaio, 1515. artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera.
Arbitraje-laudoari exequaturra aplikatzea onartzen ez duen autoak zioduna izan beharko du.