L114-3 artikulua
Defentsa nazionalaren erronka eta xede orokorrak, defentsaren bitarteko zibil eta militarrak eta haien antolaketa, gizarte-prestazioa eta borondatezko gainerako zerbitzuak, defentsa nazionalaren bideari ekiteko edo hobetzeko soldadutza-aldiak, indar armatuetan edo erreserbako armadan erroldatzeko aukerak: frantsesei horiekin guztiekin lotutako alderdiak azaldu eta irakatsi beharko zaizkie Defentsaren eta Herritartasunaren Egunean, betiere edukiak pertsona bakoitzaren mailara egokituz eta sexuen arteko berdintasuna bermatuz. Herritar izateak dakartzan eskubide eta eginbeharrez ere sentsibilizatu beharko dira herritarrak, bai eta kohesio nazionala eta gizarte-aniztasuna sendotu beharraz ere. Egun horretan, berariaz azaldu beharko zaie zertan datzan Kode Zibilaren 21-24 artikuluan aipatzen den Frantziako Herritarren Eskubide eta Eginbeharren Gutuna. Bide-segurtasunaren garrantziaz ere ohartarazi beharko zaie.
Egun horretan, frantsesaren oinarrizko ezagutzen ebaluazio-azterketak antolatuko dira. Informazio orokorra emango zaie, halaber, odola, plaketak eta gametoak emateari buruz, bai eta transplante-xedeetarako organoak emateari buruz ere. Organoak emateari dagokionez, berariazko informazioa eman beharko da indarrean dagoen legeriari buruz, esanbidezko adostasunari buruz eta herritarrek Osasun Publikoaren Kodearen L. 1232-1 artikuluan ezarritako Erregistro Nazional Automatizatuan beren uko-egitea agerrarazteko duten aukerari buruz. Gainera, osasunari kalte egiten dioten jokabideei aurrea nola hartu ere azalduko zaie, batez ere adikzioa edo entzumen-arazoak eragiten dituztenei.
[…]
L120-1 artikulua
I. Gizarte-prestazioak bi helburu izango ditu: batetik, kohesio nazionala eta gizarte-aniztasuna sendotzea; bestetik, nahi dutenei Errepublikaren balioen alde jarduteko aukera ematea, Frantzian nahiz atzerrian —horretarako baimena duen pertsona juridiko baten babespean—, interes orokorraren aldeko proiektu kolektiboetan lan eginez.
Gizarte-prestaziotzat jotzekoak diren interes orokorreko proiektuek izaera filantropikoa izan beharko dute, estuki loturik egon beharko dute hezkuntzarekin, ingurumenarekin, ikerketa zientifikoarekin, gizarte-ekimenekin, jarduera humanitarioekin, kirolarekin, familiarekin zein kulturarekin, bai eta defentsarekin eta segurtasun eta prebentzio zibilarekin lotutako misioekin, frankofoniaren eta frantsesaren sustapenarekin, eta Frantziako eta Europako herritar izatearen kontzientzia hartzearekin ere. Soldatako langileek edo funtzionario publikoek egitekoak diren jardueren osagarri izango dira proiektuok, baina inola ere ezin izango dira enplegu baten edo ikasketa-egonaldi baten ordez eskaini.
[…]