225-1 artikulua
Diskriminaziotzat joko da pertsona fisikoen arteko edozein bereizketa, baldin eta bereizketa horrek hauetako bat badu oinarri: pertsonen jatorria, sexua, familia-egoera, haurdun egotea, itxura fisikoa, egoera ekonomikoak ekarritako kalteberatasun-egoeraren bat —egoera hori eragin duenak jakin zein ez—, deitura, bizilekua, osasun-egoera, autonomia galdu izana, zailtasunen bat edukitzea, ezaugarri genetikoak, ohiturak, sexu-orientazioa, genero-identitatea, adina, iritzi politikoak, sindikatu-jarduerak, edo salatzailea, bideratzailea edo salatzaile bati lotutako pertsona izatea, hurrenez hurren, Gardentasunari, ustelkeriaren aurkako borrokari eta bizitza ekonomikoaren modernizazioari buruzko 2016ko abenduaren 9ko 2016-1691 Legearen 6-I artikuluaren eta 6-1 artikuluaren 1. eta 2. zenbakien arabera[1458], frantsesaz bestelako hizkuntzaren batean mintzatzea, edo —egiaz nahiz ustez— etnia, nazio, arraza edo erlijio jakin bateko kide izatea edo ez izatea.
Diskriminaziotzat joko da, halaber, pertsona juridikoen arteko edozein bereizketa, baldin eta bereizketa horrek hauetako bat badu oinarri: pertsonen jatorria, sexua, familia-egoera, haurdun egotea, itxura fisikoa, egoera ekonomikoak ekarritako kalteberatasun-egoeraren bat —egoera hori eragin duenak jakin zein ez—, deitura, bizilekua, osasun-egoera, autonomia galdu izana, zailtasunen bat edukitzea, ezaugarri genetikoak, ohiturak, sexu-orientazioa, genero-identitatea, adina, iritzi politikoak, sindikatu-jarduerak, edo salatzailea, bideratzailea edo salatzaile bati lotutako pertsona izatea, hurrenez hurren, Gardentasunari, ustelkeriaren aurkako borrokari eta bizitza ekonomikoaren modernizazioari buruzko 2016ko abenduaren 9ko 2016-1691 Legearen 6-I artikuluaren eta 6-1 artikuluaren 1. eta 2. zenbakien arabera[1459], frantsesaz bestelako hizkuntzaren batean mintzatzea, edo pertsona juridiko horiek edo horietako batzuk —egiaz nahiz ustez— etnia, nazio, arraza edo erlijio jakin bateko kide izatea edo ez izatea.
434-8 artikulua
Magistratu bat, epaimahaikide bat edo jurisdikzio-sail bateko beste edozein pertsona —arbitro bat, interprete bat, aditu bat edo aldeetako baten abokatua— beren eginkizuna betetzen ari direla zer edo zer egin dezaten mehatxatu edo beldurtu, eta hori egiten duenari hiru urteko espetxe-zigorra eta 45 000 euroko isuna ezarriko zaizkio.
434-18 artikulua
Baldin eta interprete batek, zeinahi gai dela ere, itzultzen ari den hitz edo dokumentuen esanahia desitxuratzen badu, bost urteko espetxe-zigorra eta 75 000 euroko isuna edo zazpi urteko espetxe-zigorra eta 100 000 euroko isuna ezarriko zaizkio, 434-13 eta 434-14 artikuluetan egiten diren bereizketak aintzat hartuta.
434-19 artikulua
Interprete-eroskeria 434-15 artikuluan aurreikusten diren baldintzen arabera zigortuko da.