Frantsesa da Polinesia Frantseseko hizkuntza ofiziala. Pertsona juridiko publiko eta pribatuak frantsesa erabiltzera beharturik egongo dira, baldin eta zerbitzu publikoren bat ematen ari badira, bai eta erabiltzaileak ere, baldin eta administrazio eta zerbitzu publikoekin harremanen bat badute.
Tahitiera polinesiarren kultura-identitatearen elementu nagusietako bat da: bertako gizarte-kohesioaren oinarri eta eguneroko komunikazio-bide den aldetik, tahitierak aitortza osoa merezi du, eta haren iraupena babestu beharra dago, gainerako hizkuntza polinesiarrena bezalaxe, Polinesia Frantsesa aberasten duen kultura-aniztasunari eutsiko bazaio.
Frantsesa, tahitiera, marquisiera, tuamotuera eta mangreviera, horiek dira Polinesia Frantseseko hizkuntzak. Beren aktak eta konbentzioak nahi duten hizkuntzan idatzi ahal izango dituzte pertsona fisiko eta juridiko pribatuek; dokumentuok hizkuntza ofizialean idatzirik ez egotea ez da deuseztasun-ziotzat joko.
Tahitiera haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako ohiko ordutegiaren barruko ikasgaietako bat izango da, eta bigarren mailako eta goi-mailako ikasketetako zentroetan ere irakatsiko da.
Polinesia Frantseseko Batzarrak hala erabakitzen badu, zenbait ikastetxe eta zentrotan, tahitieraren ordez, beste edozein hizkuntza polinesiar irakatsi ahal izango dute.
Irakasle-ikasketak ematen dituzten zentroetan, Tahitiko hizkuntzaren eta kulturaren pedagogia ere irakatsi beharko da.
90. artikulua
Hargatik eragotzi gabe 140. artikuluan aurreikusten diren akzioen ahala —“herrialdeko legeak” deritzenena, alegia—, Ministro Kontseiluak zehaztu beharko ditu honako gai hauei aplikagarriak zaizkien arauak:
[…]
3. Toki-esparruko hizkuntzak nola irakatsi ikasketa-zentro guztietan;
[…]