(...)
Toki-izen honetan Artxila + be nahiz Artxi + labe izan dezakegu. Lehen kasuan esanahi ezezaguneko oinarria genuke [Abaurregainean harri eta zilo-ren elkarketatik Arziloburualdea dugu 1782an (PRA-Auritz, 51. k.), Artzilaburua orain, eta xiloa ere balio beraz ibiltzen denez, ez litzateke harritzeko Aezkoan *Artxiloa-ren modukoren bat ediretea (cf. Urtxiloa [urchilóa] Abaurrepean. Honetan, dena den, erdararen eragina ere ikus dezakegu). Eslaba aldean, halaz guztiz, beti zuloa aurkitu dugu (cf. Eslabako bereko Aitzuloa arestian aztertua), eta honek Artxilabe harri, xilo edo zilo eta behe-ren bidez azaltzea galerazten du.
Guztiarekin ere, Eslabaldea baino mendebalderago dagoen Ameskoan Artxiloa aurkitu du Luciano Lapuente (TAM, 400. or.), eta hau, errore bat ez bada behintzat, kontuan edukitzekoa izan daiteke gure eskualdeko toponimoa azaltzeko orduan.] gehi -be 'behe', 'azpi' posposizio arrunta. Bigarrenean aldiz Artxi- dudazkoa eta -labe ezaguna (cf. Labeaga Lergan).
Reta Janárizek [EHZE, 481. or.] Artxi- harri eta etxe-z osaturik dagokeela dio, labe 'horno' delarik. Masu Nittak berriz Retaren etimologia arbuiatzen du [Notas lingüísticas..., 17. or.], eta hasierako elementua harri eta bukaerakoa labe direla onartu arren, ugaritasunezko atzizki bat (-zu, -tsu edo -tze) proposatzen du tarteko osagaitzat:
"ARCHILABE (Eslava): Según Reta, «tal vez de ARRI 'piedra', ETXE 'casa' y LABE 'horno', lo que daría 'horno de la casa de piedra'».
En cambio, a la vista de las voces vascas como (H)ARTSU 'lugar pedregoso', a.-nav. ARSU 'roca', me parece más verosímil tratar de desglosar el primer componente en (H)ARRI 'piedra' más suf. abundancial -ZU, -TSU o -TZE, sin tener que reconocer en él la presencia de ETXE"
Proposamen hau, gure ustez, ezin da erabat baztertu, bertan kaskailu asko dagoelako, baina urrun dago segurua izatetik. Izan ere, *har(ri)zu edo *har(ri)tsu-tik artxi eratorri nahi izatea zail samarra da, batez ere dokumentazioan beti Artxilabe(a) dugula kontuan hartzen bada. Beste aukera, oinarrian *har(ri)tze dugula suposatzen duena, egiantz handiagokoa iruditzen zaigu, baina hemen ere ez dago bat ere garbi izen hori artxi (edo *hartzi- nahiago bada) nola bilakatu den. Guk Uxueko Larziaga *Lartzeaga-tik eratorri dugu, eta herri bereko Aristuziaga *Ariztutzeaga-tik, eta bi izen hauek ere oinarrian ugaritasunezko -tze dutela suposatu arren, testuingurua diferentea da, atzizkiaren ondoan bokala dagoelarik, ez kontsonantea Eslabako kasuan bezala.
Zernahi gisaz, izen hau beti itxura bertsuaz aurkitzen dugula esan daiteke, artikuluaren presentzia itxura aldaketatzat jotzen ez bada bederen.
Artxilabe [àrchilábe] La Venta (antzinako Artadua, Artadualdea eta Artaduondoa-ren ordezkatzailea dena, itxuraz), El Llano, Los Pozos eta Artadubarren-ekin mugatzen duen alderdi txikia da, eta bertan, gaurregun behinik behin, ez dago laberik ez labe aztarnarik.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11