Kokapena:
11.6a Hizkuntzalaritzaren historian, adjektiboei oso berandu egokitu zitzaien kategoria beregaina, besteetatik bereizia. Tradizio askotan izenenekin edota aditzekin batera sailkatzen zituzten. Izan ere, adjektiboek izenekin ezaugarri batzuk partekatzen dituzte, bai morfologikoak, bai sintaktikoak. Esate baterako, biak izan daitezke predikatuak, izan kopula aditzaz lagundurik. Gainera, adjektiboek numero flexioa eramaten dute, izenek bezalaxe: izen predikazioa (Miren eta Mikel irakasleak dira) eta adjektibo predikazioa (Miren eta Mikel azkarrak dira).
Baina badira, jakina, izena eta adjektiboak bereizten dituzten irizpideak. Adibidez, izenak bakarrik izan daitezke aditzen argumentuak121. Eta eramaten dituzten flexio morfemak eurekin komunztadura harremanean dagoen izenari dagozkio, eta ez adjektiboari berari. Ikasleak azkarrak dira diogunean, azkarrak adjektiboak daraman pluraleko morfema interpretagarria da ikasleak izenean (izenak dauka berezkotzat), baina ez adjektiboan. Hortaz, adjektiboek erakusten duten numero flexioa ez da berezkoa, komunztadura harremanean jasotakoa baizik.
11.6b Adjektibo asko morfologikoki sinpleak dira, bakunak (eder, handi, txiki, polit, altu eta abar), eta beste batzuk konposatuak (gogotsu, garrantzitsu, adeitsu, beldurti, gezurti, gorridun, zordun eta abar). Euskarazko adjektibo batzuk bereziki interesgarriak dira, izenez eta postposizioez osaturik baitirudite. Kasu horren erakusle dira -ko amaiera dutenak (ikus § 21.7), esate baterako: etxeko, betiko, gaurko, bertako, nazioarteko eta abar. Horrelakoetan argi eta garbi bereiz daitezke adjektiboaren barne osagaiak.
121 Horrekin lotuta, esan dugu (§ 11.2c) erlaziozko adjektiboek (edo erreferentzia adjektiboek) modifikatzen dituzten izenen argumentuak adieraz ditzaketela, esaterako, erreforma konstituzionala adibidean. Argumentuak adierazteko gaitasuna, beraz, adjektiboek badute, baina izenei bakarrik dagozkienak, eta ez aditzenak.