Kokapena:
13.12a Adjektiboaren kapituluan (ikus 14. kapitulua) aipatzen da bereziki zaila dela beste hitzaren kategoria zehaztea. Ingurunearen arabera, besteak beste, izenordain gisa erabiltzen dela esan dugu han.
13.12b Eta hala da: bere determinatzaile balioarekin erabiltzeaz gainera (beste etxe eder hori eta antzekoetan bezala, alegia), izenordain gisa erabiltzen dugu; beraz, inolako mugatzailerik gabe. Hala ere, badirudi ezin dela kasu guztietan erabili. Adibidez, ergatiboan edo datiboan agertuko zaigu, baina nekez absolutuan: Berak egin nahi ez eta besteri (edo inori) agindu behar; Zuk zikintzen duzuna bestek (edo inork) garbitu beharko du. Absolutuan, ordea, bat edo beste, eta antzeko itzulietan ez bada, nekez aurkituko dugu: Bat edo beste etorri zen, baina ez denak.
Absolutuan, hortaz, bat edo horrelako zerbaiten lagun modura agertu behar duela dirudi: bestek egin beza-ren ondoan ez daukagu *beste etor dadila, beste bat etor dadila baizik151.
13.12c Hala ere, gehienetan beste nolabaiteko determinatzaile gisa erabiltzen dugu, hots, izen sintagmaren barruan beste izen bati edo izenordain bati lagun eginez bezala: Beste gizon hori ez dut ezagutzen; Beste nork galdetu zizun nitaz?; Beste bat erosi nahi nuke; Bestea nik ekarri nuen. Horrelakoetan, beste izenaren ezkerretara ageri da. Izenlagunik edo zenbatzailerik baldin bada, izenlagunaren ondoren (aurretik ere joan daiteke) eta zenbatzailearen ezkerretara: beste bost gizon, eta ez *bost beste gizon; herriko beste etxeak ≠ beste herriko etxeak.
Beste, sarritan, bat-dun izen sintagmari kontrajartzen zaion izen sintagman agertzen da, honelako itzuliak sortuz: Gizon batek hau esan zidan; besteak hura. Era berean batzuk-i kontrajartzen zaio askotan besteak: Batzuk oinez etorri dira; besteak bizikletaz. Baina batak besteak ere esaten da: Batak eta besteak oker dabiltza. Zenbait esapidetan ere beste aurkitzen dugu: Zutaz besterik ez zen etorri (alegia, zu bakarrik etorri zinen); Zu ez beste guztiak etorri ziren; Zu beste jaberik ez dugu nahi (alegia, zu bakarrik zara gure jabe; beste inor ez). Aipa daiteke hemen besteak beste esapidea ere: Besteak beste, hau esan nuen; Besteak beste, eraman ezazu hau bere lekura. Hauek nolabaiteko adberbio esapideak ditugu eta badirudi elipsi baten edo ondorio direla. Esango bagenu bezala: besteak beste direlarik.
151 Ikus, halere, Etxeberri Ziburukoaren hau: Bere ordain ecin bidal berce comparitcera, / Berac aguertu behar du Thronuaren oinera.